Azken urte honetan Osakidetzako 900 profesionalek baino gehiagok jaso dute prestakuntza zainketa aringarri pediatrikoen inguruan

  • Osakidetza plan espezifiko bat burutzen ari da, bizitza mugatzen edo mehatxatzen duten gaixotasunak dituzten haurrei arreta emateko 
  • Bihar, asteazkena, Euskalduna Jauregian jardunaldi batzuk antolatuko dira, eta horien bidez beste autonomia-erkidego batzuetan izandako esperientziak ezagutzeko eta familien ahotsa entzuteko aukera egongo da

Euskadik zainketa aringarri pediatrikoen (ZAP) eredu espezifiko bat sortzen jarraitzen du, paziente helduen arretaren eredutik bereizita egongo dena. Izan ere, 2023ko apirilean onartu zen 2023-2027 aldirako Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoan jasotzen da horren sorrera. Azken urte honetan, Osakidetzako pediatriako arloan, medikuntzako eta erizaintzako 900 profesionalek baino gehiagok jaso dute prestakuntza gai horren inguruan, aipatutako planak bere helburuen artean jasotzen duen bezala. Horren helburua honako hau da: talde horri arreta ematen dioten profesionalek prestakuntza egokia izatea, beren gaitasun-mailaren arabera.

Bizitza mugatzen edo mehatxatzen duten eta pediatriako zainketa aringarriak behar ditzaketen gaixotasunak direla-eta, 0-19 urteko 50 eta 60 haur inguru hiltzen dira Euskadin urtero; 14 urtetik beherako 400 haur inguruk mota horretako gaixotasunak dituzte. Osakidetzaren ustez, ZAPak gizartean agertzen ari den behar berri bat dira, eta erantzun koordinatuak behar dituzte osasun-, gizarte- eta komunitate-arloetan.

Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoak talde espezifiko horren arretaren antolamendua hobetzeko beharra jorratzen du; zainketa aringarriak jasotzeko hautagaiak diren paziente medikoki konplexuen edo paziente kroniko pediatriko konplexuen taldea, alegia. Zainketa horiek jasotzeko arrazoia hauskortasuna eta mendekotasun handia eragiten dituzten gaixotasun kronikoak izatea da, zeinekin pazienteek mugapen funtzionalak baitituzte eta baliabideen erabilera handia ematen baita.

Gaur egun, hainbat lurraldetako profesionalen ordezkaritza, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia eta Osasun Saila barne hartzen dituen lantalde bat zainketa aringarri pediatrikoen plan espezifikoa sortzen ari da. Plan hori gauzatzeko, diziplina anitzeko pediatria-talde bat sortuko da Euskadi osorako, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Etxeko Ospitalizazio Pediatrikoko Unitatea buru gisa izateaz gain, dagozkion taldeak izango dituena Arabako ESIn, Bilbo-Basurtuko ESIn eta Donostialdeko ESIn, ospitaleko eta etxeko zainketa aringarrien erreferente asistentzial gisa. Horiek guztiak beti egongo dira koordinatuta lurralde bakoitzean eskuragarri dauden baliabideekin, pazientearen eta haren zaintzaileen premietara egokitutako kalitatezko arreta bermatzeko.

Plan hori oso aurreratuta dago, eta, abian jarri aurretik, profesionalei prestakuntza ematea aurreikusten da, horren bidez profesionalek pazienteak ezagutu eta haien arazoak eta beharrak ebaluatu ditzaten, bai eta haurraren sufrimendu fisikoa, psikologikoa, espirituala eta soziala arintzeko gaitasunak eta trebetasunak eskuratu ditzaten ere. Ildo horretan, dagoeneko lehen urrats bat eman da online prestakuntza baten bidez, jada hirugarren edizioa duena. Horri esker, arlo horretako oinarrizko kontzeptuak helarazi zaizkie pediatriako 900 profesionali baino gehiagori, bai fakultatiboei, bai erizainei.

EUSKALDUNA JAUREGIKO JARDUNALDIAK

Arreta-eredu espezifikoa diseinatzeko beste ekintzetako bat beste autonomia-erkidego batzuetako esperientziak ezagutzea da. Horretarako, Osakidetzak jardunaldi batzuk antolatu ditu ekainaren 5ean, asteazkenean, «Pediatriako zainketa aringarrien erronka» izenburupean. Jardunaldi horiek, Euskalduna Jauregian antolatuko direnak, familien ahotsa entzutea ahalbidetuko dute, eta beste osasun-sistemekin ezagutza partekatzeko aukera ere emango dute. Izan ere, Aragoin, Madrilen, Katalunian eta Valentzian abian jarritako ekimenak erakutsiko dira.

Inaugurazio-hitzaldia, “El nuevo paradigma de los Cuidados Paliativos: su aplicación en pediatría” izena duena, Ricardo Martino Alba doktoreak emango du, Madrilgo Niño Jesús Unibertsitate Ospitaleko Zainketa Aringarri Pediatrikoen Ataleko burua dena. Ondoren, hiru lan-mahai egongo dira: lehenengoa, familia-elkarte batzuen parte-hartzea izango duena; bigarrena, beste autonomia-erkidego batzuetako esperientzia jasotzeko balioko duena; eta hirugarrena eta azkena, zeinean Osakidetzako profesionalek esku hartuko baitute, eta, besteak beste, zainketa aringarri pediatrikoen arretako minaren zein zainketa psikologiko eta sozialen alderdiak jorratuko baitira.

Kontsultatu hemen programa:    https://www.osakidetza.euskadi.eus/ekitaldia/zainketa-aringarri-pediatrikoak/webosk00-procon/eu/