Leioako Emakumeen Jabekuntza Eskolak UPV/EHU aintzatetsi du berdintasunaren alde egindako lanagatik

LAKETek (Leioako Emakumeentzako Jabekuntza Eskola) Euskal Herriko Unibertsitateari eman dio Leioako pertsonek edo erakundeek gizartearen hainbat esparrutan berdintasunaren alde egindako lana eta konpromisoa aitortzeko bost sarietako bat. Ekitaldia asteazkenean izan zen eskolaren egoitzan eta saria jaso zuten Aitor Zurimendi UPV/EHUko idazkari nagusiak eta Elena Leiñena UPV/EHUko Berdintasun zuzendariak.

Saria emateko ekitaldian, UPV/EHUk emakumeen artean zientzia eta teknologia karrerak sustatzen egindako lan handia azpimarratu zuten antolatzaileek: «Gainera, emakume bat, Eva Ferreira, aitortzen dugu, UPV/EHUko zuzendari gisa duen erantzukizun profesionaletik, lan bikaina egiten ari dena STEAM eremuan berdintasunaren alde eta emakumeen artean zientzia eta teknologiako karrerak sustatzen, Euskal Herriko Unibertsitatearen bitartez».

Gurutze Beitia aktore eta kazetariak gidatutako ekitaldian, Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarria izan zen buru, eta bertan izan ziren Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta eta Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Trinidad Vicente.

LAKETek, Leioako Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak, 5 urte bete ditu, eta denbora horretan emakumeen partaidetza soziala sustatzen lan egin du; ikastaroak eta tailerrak antolatu dituzte, eta gogoetarako, eztabaidarako eta belaunaldien arteko ikaskuntzarako topagune bihurtu dira.