Kultura Udazkena 2024

Ostiral honetan, hilak 20, ekingo zaio Zarauzko Udaleko Kultura departamentuak udazkenerako antolatutako kultur programazioari. Irailean hasi eta abendura bitartean, antzerkia, musika, dantza, erakusketak eta literatura solasaldiak izango dira, besteak beste.

Programazioari hasiera emateko, Herrimamituz II bertso ikuskizunean, Andoni Egaña eta Iñigo Mantzisidor bertsolariak arituko dira, Xabier Alberdi historialariarekin batera. Herrian herriko pasarteak kontatu eta gai bihurtuz, gure herrien mamia, bertsoz azaleratzeko ariketa jolastia egingo dute. Ostiral honetan izango da emanaldia 20:00etatik aurrera Modelo Aretoan. Sarrerak jadanik eskuragarri daude.

Musika ere indartsu datorkigu udazken honetan. Azaroaren 22an, Anari kantari azkoitiarra izango dugu bandaz lagunduta, Giza Zarata lan berriaren aurkezpen biraren barruan. Bestalde, Zarautz Trik elkarteak antolatuta, Tapia eta Leturia Band taldeak joko du abenduaren 13an.

Dantzari dagokionez, Galiziako Colectivo Glovo konpainiak Tabú ikuskizuna eskainiko du urriaren 18an. Pieza indartsu honetan, bost dantzarik bost emakume interpretatuko dituzte, euren tabuak erakutsiz.

Antzerkia ere ez da faltako udazkeneko programazioan. Katapulta plataformarekin elkarlanean, Lauzpabost stand up bakarrizketak izango ditugu urriaren 11n. Umorearen bidez, hainbat gai jorratuko dituzte bost antzezlek eta publiko guztiari, baina bereziki gazteari, zuzendutako emanaldia izango da. Sarrera doakoa da. Azaroaren 8an, Txalo konpainiak Artea umorezko ikuskizuna eskainiko du, Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza protagonista dituela. Abenduaren 5ean, aldiz, Artedrama konpainiaren Miñan izango da ikusgai. Amets Arzallusen liburuan oinarrituta, Gineatik anaiaren bila abiatutako Ibrahima Balderen istorioa kontatzen du.

Musika, antzerki zein dantza emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira. Esan bezala, iraileko ekitaldientzat jadanik sarrerak salgai daude, gainerakoentzat, ostiral honetan, hilaren 20an, jarriko dira salgai Modeloko txarteldegian eta Kutxabanken sarrera salmenta plataforman.

Haurrei zuzendutako eskaintzarik ere izango da, bost ekitaldi, zehazki. Irailaren 29an, Olaiaren lorategia eskainiko du Pájaros Pintados konpainia nafarrak. Antzezlan hau falta direnei buruz modu poetikoan mintzo da. Urriaren 27an, Kontu kontari III. Zimurren artean kontu kantari antzezlana izango dugu, betiko euskal kantak erritmo desberdinekin eskaintzen dituena. Azaroaren 24an, Di Filippo Marionette konpainia italiarraren Hari batetik zintzilik txotxongilo ikuskizuna izango da, poesiaz eta dibertimenduz betea. Azkenik, abenduaren 22an familia osoarentzako magia ikuskizuna eskainiko digute Odei, Marsel, Peio Rivas eta Eriz magoek.

Aipatzekoa da, zirku ikuskizuna ere izango dela abenduaren 20an. Hain zuzen ere, Berdinki konpainiak bere azken lana aurkeztu eta estreinatuko du Zarautzen, Leinu izenekoa.

Modelo Aretoko programazioa beste hainbat elkarte eta Udaleko departamentuk antolatutako emanaldiekin osatuko da. Halaber, ezin ahaztu Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoa ospatuko dela Aritzbatalde kiroldegian azaroaren 24an.

Erakusketak egunero egongo dira zabalik 18:00-20:00 ordutegian eta hauek izango dira:

Sanz Eneako erakusgeletan

–    Urriak 3 – azaroak 10: Carlos Indaren pintura lanak.
–    Azaroak 15 – urtarrilak 12: Zarauzko Nazioarteko Argazki Mostra.

Torre Luzeako erakusgelan

–    Irailak 26 – urriak 27: Iñaki Morenoren marrazkiak.
–    Azaroak 8 – urtarrilak 5: Zarauzko Argazkizale Elkartearen erakusketa.

Merkatu Plazako lehen solairuan Euskal Jaia 100 urte erakusketa izango da ikusgai irailaren 22ra arte.

Liburutegitik ohiko diren irakurle taldeak elkartuko dira solasaldietan, euskaraz Nerea Loiolaren gidaritzapean eta gaztelaniaz, berriz, Slawka Grabowskaren eskutik.