Otsailaren 5ean, astelehenean, egin zen Open Lab Urola Kosta aurkezteko ekitaldia Udal Elkartearen egoitza nagusian. Bertan izan ziren ekimenaren sustatzaileak, udaletako eta Udal Elkarteko ordezkariak eta bailarako hainbat enpresa eta eragile.
Zer da Open Lab Urola Kosta?
- Elkarlanerako lekua da, nahi duenarentzat ateak zabalik dituena
- Esperimentatu, ikertu eta sortzeko lekua da, teknologia digitalak, makina eta erremintak eta prototipoak egiteko eta azkar fabrikatzeko makinak erabiliz
- Dibulgaziorako lekua da: tailerrak, ikastaroak, workshopak…
- Partekatzeko lekua da, dakizuna besteei emateko eta besteek dakitena zuk jasotzeko
- Sortzeko lekua da, DIY filosofiarekin (do it yourself, egin zerorrek)
- Ekintzailetza sustatzeko lekua da: ezagutzak, asmoak eta ideiak partekatu eta ideia berriak garatzeko lekua
Askoren artean landutako egitasmoa
Open Lab Urola Kosta bailarako hainbat eragile eta pertsonen eskariari erantzunez sortutako ekimena da, askoren arteko ahaleginaren emaitza (pertsonak, eragileak, udalak, Urola Kostako Udal Elkartea). Eskualdeko udalek eta Urola Kostako Udal Elkarteak finantzatutako proiektua da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin.
Norentzat
- Eskualdeko (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako) herritar eta enpresa ororentzat da.
- Ez dago adin mugarik: haurrak, gazteak, helduak, adinekoak…
- Bakarrik etor zaitezke, edo lagunekin.
- Ez duzu fabrikazio azkarraren mundu digitalaren arloa ezagutu beharrik, edonorentzat da, adituak direnentzat, zerbait dakitenentzat edo ezer ere ez dakitenentzat.
Non dago
- Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan
- Urdaneta bidea 6, Abendaño, Zarautz
Egutegia eta ordutegia
Zabalik otsailaren 5etik aurrera
Ordutegia, astelehenetik ostiralera 17.00-21:00; larunbatetan 10:00-13:00.
Monitorea
OpenLab Urola Kostan begirale bat izango duzu laguntzeko prest. Bertan dauden tresna, inprimagailu eta baliabideak erabiltzen erakutsiko dizu; fabrikazio azkarraren mundu digitala ezagutzen lagunduko dizu.
Etorri eta probatu, DIY
Open Lab zabalik dagoen ordutegian etorri eta probatu, galdetu, ikusi… Ateak zabalik izango dituzu. Egin zerorrek!
Tailerrak, whorkshopak, ikastaroak
Tailerrak, workshopak eta ikastaroak antolatuko ditugu. Adi egitarauari.
Baliabideak
Open Lab Urola Kostan hainbat baliabide dituzu fabrikazio azkarraren mundu digitalean barneratu eta probatzeko, esperimentatzeko: laser inprimagailua, 3D inpresorak…