“Ikasle guztiek irabazten dute metodologia honekin; batzuk lagunduz ta besteek laguntza jasoz”
Iker Lizarralde eta Jone Egües Magale ikastetxeko irakasleekin aritu gara metodologia aktiboen inguruan solasean. Haur Hezkuntzan hasi eta Batxilergora arteko hezkuntza eskaintza dute eta gaur egun, proiektuak darabiltzate ikasteko prozesuaren euskarri. Hori aurrera eramateko, ikaskuntza kooperatiboa sistematizatuta dute.
Nola irakasten duzue Magale ikastetxean?
Jone Egues: Talde kooperatiboetan eta elkarlanean burutzen dira jarduerak eta ekintzak. Horretarako, ikaslearen interesak eta adimen anitzak kontutan izaten dira eta noski, ikasle guztien parte hartzea bermatzen dugu kontuan. Arlo arteko proiektuetan lanean ari garenean, ikaslearena ez ezik, irakaslearen rola ere aldatu egiten da; gidariak bihurtzen gara.
Iker Lizarralde: Arazo errealetan oinarritzen ditugu proiektuak eta garrantzia ematen diogu amaieran aurkezpen bat egiteari; etapa txikienetan, gurasoen aurrean. Etapa handiagoetan, berriz, gizarteko beste esparru batzuetara zabaltzen ditugu.
Honek guztiak Hezkuntza Curriculuma du oinarri; bertan, betiko edukiez gain, sormena, pentsamendu kritikoa, ekimena, errespetua eta elkarbizitza bezalako kontzeptuak agertzen baitira.
Zergatik egin da irakaste metodologia honen apustua Magale ikastetxean?
Jone: Ikasle parte hartzaileak, sortzaileak, ekintzaileak eta solidarioak bultzatu nahi ditugulako, gaur egungo gizartea hobetzeko asmoz.
Iker: Zalantzarik ez dago, gainera, teknologia berriek asko laguntzen dutela metodologia aktibo hauek lantzen. Magaleko LH 4, 5 eta 6. mailako eta DBHko ikasleek Chromebook-ak erabiltzen dituzte egunerokoan liburuen ordez. Baliabide horien bitartez edukiak lantzeaz gain, aurretik aipatutako gaitasun guztiak gehiago garatzen dira.
Nola erabiltzen dira? (etapetan bereizi, agian)
Iker: Haur Hezkuntzan Ulermen proiektuak lantzen dira. Gai baten inguruan adimen ezberdinak landuz. Lehen Hezkuntzan ere hirugarren urtea dugu arazoetan oinarritutako egoerak lantzen. Batzuk arlokoak eta beste batzuk arlo artekoak izan dira. Gure helburua arazoetan oinarritutako unitate kopurua handitzea da.
Jone: DBHn, 4 mailetan diseinatuta ditugu maila bakoitzeko gutxienez hiru arlo- arteko proiektu, hau da, ebaluazio bakoitzean gutxienez arlo arteko proiektu bat lantzen dugu maila bakoitzean. Horretaz gain, Erasmus+en bitartez 12 proiektu diseinatu ditugu Europako beste hiru herrialderekin elkarlanean. Hori dela eta, gure lanak errekonozimendu bat ere lortu du.