Asko harritu ninduen Pedro Sanchezek Euskaltzaindira asteon egindako bisitak; sentimendu baikorraz beteriko harridura. Aurten, Euskararen Hizkuntza Akademiak 100 urte betetzen ditu eta Estatuko Presidenteak keinu bat izan nahi zuen gure hizkuntzarekin. Ohorezko liburuan idatzita utzi duenez, etorkizuneko hizkuntzatzat ikusten du euskara; etorkizun oparoarekin, historia luze eta aberasgarriaz gain.
Eskertzeko keinua egin eta hitz politak adierazi eta gero, Sanchezek euskararen alde zer gehiago egiteko prest dagoen ere esan beharko digu. Alegia, keinuen atzean edukirik, benetako asmorik, duen; izan ere, badu non lan egin bere eskumenekoak diren erakundeetan ‘euskarari esker Euskadiko eta Estatuko gizartea aberasteko’. Estatuak Euskadin eskaintzen dituen zerbitzuetan euskararen normalkuntzarekin jarraitzeko prest al dago?
Madrilgo Gorteetan behin eta berriz lehiatu behar izaten dugu euskararen eskubideak urratzen ahalegintzen direnen aurka: euskara derrigorrezkoa baino meritutzat kontuan hartu dadila Administrazioko oposizioetan, telebista publikoaren Euskadiko langileen artean euskaldunik ez izatea… Euskadin urtero dauden milaka epaiketetatik euskarazkoak hutsaren hurrena dira. Justizian euskararekiko bizi dugun egoera penagarria landu eta konpondu nahi al du?
Egia esan, nahiago dut Pedro Sanchezek egindako keinua beste batzuen erasoak eta mehatxuak baino. Dena dela, ez nuke nahiko asteongo Presidentearen agerraldia keinu hutsean geratzea; eta kanpaina hain gertu izanik…
Guretzat ere kanpaina hor dago, baina gure asmoak aspalditik eta etengabe erakutsi eta defendatu ditugu Gorte Orokorretan. Aurrerantzean ere horrela egiten jarraituko dugu, baina hurrengo legealdian EAJren Talde Parlamentarioak badu beste ardatz bat lanean jarraitzeko Madrilen; izan ere, atzoko bisita Sanchezen konpromiso moduan hartu dugu eta ez dugu utziko keinu huts batean gera dadin. Guk ere, ekin eta jarrai.