Gaur goizean nire argazki kameraren objektiboak uste nuen baino matxura handiagoa duela esan didate. Kolpe bat jaso zuen eta, nonbait, ‘barrilete’ delakoa eta motorea kaltetuta daude eta ez du behar den moduan enfokatzen.
Jomuga argi antzematea eta urrutikoaren ikuspegia izatea ez dira, halere, argazkilaritzari era esklusiboan dagozkion ezaugarriak; politikan ere hobe egingo lukete askok objektibo egokia erabiliko balute, berehalakotasunean geratu gabe. Asko eta askori entzun izan diot aspaldion burutazioetan oinarritutako tuiterrera begirako politika egiteko modu hau baztertu egin behar dela esanez, baina egunero-egunero titular deigarri bezain hutsak entzuten ditut han-hor-hemen; ia denetan, arerioari belarriondokoak emanez.
Ulertzen dut batzuk ahalik eta gehien medioetan agertzeko duten nahia, baina arduratzen nauena duten ikuspegi laburra da. Ez dago epe luzerako helbururik, ezta epe ertainekorik ere; agertzea da kontua. Askotan egia esatea ere ez da garrantzitsuena, edo egia osoa behintzat; arerio politikoari kalte egiteko nahikoa da aitzakiarik txikienaz baliatzea horren inguruan sareetan ziztu bizian zabalduko den istorioa eraikitzeko.
‘Fake news’ edo albiste faltsuak eguneroko ogia bezalakoak dira gaur egungo politikan. Ezjakintasunarengatik edo asmo txarrarengatik agertzen dira; ez dakit zer den txarrago, baina gehienetan bigarren arrazoiarengatik izaten da. Duela egun batzuk, Pablo Casadori itzelak esan zizkioten bere proposamen bati behar ez zen interpretazioa eman ziotelako, baina ez da bera, hain justu, pertsonarik aproposena horretaz kexatzeko, sarriegitan egia bere interesen arabera egokitzeko joera duelako bere diskurtsoetan. Kazetaritza txarraren eredu bezala esaten da: “Egiak ez diezazula titular polit bat zapuztu”.
Politikan berehalakotasuna, deigarritasuna, berritasuna nagusitzen ari da, baina jokabide horrek bere arriskuak ditu. Politikan beti, eta gaur egungo egoera nahasian are gehiago, kontrakoa behar da: pazientzia, min egingo ez duten hitzak, sinesgarritasuna… Askotan arazoak geldoegi konpontzen direla esan ohi da, baina erabaki egokiak hartzeko politikari denbora eman behar zaio.
Argazki on bat ateratzeko denbora behar izaten da: argia, angelua, helburua, enfokea… datu guztiak ezagutu behar dira, ostean, orduan bai, instant batean botoia zapaldu baino lehen. Datu horietan, jakina, ezin da falta distantzia batera dagoen jomugari ondo begiratzeko objektibo egokia izatea. Eta ez dadila matxuratuta egon.