Irakaskuntzan, hamar bikaintasunarekin erabat lotuta dago. Atzo, Senatuan legegintzaldi honetan izango garen hamar senatariak elkartu ginen gure akreditazioa egiteko eta, zenbaki biribil eta esanguratsuaz gain, Talde parlamentario bikaina osatuko dugula baieztatu nuen.
Prestakuntza eta esperientzia aldetik ez daukat zalantzarik gure eginkizuna ezin hobeto beteko dugula: Legebiltzarrean, Jaurlaritzan, Batzar Nagusietan eta Udaletan jardundako jendea gara; abokatuak, irakasleak, ingeniariak, kazetariak, medikuak…; euskal hiztunak, berdintasunean adituak… Generoari dagokionez ere, sei emakumezko eta lau gizonezko.
Oreka erakusten dugun beste eremu bat lurralde ordezkaritzan da; izan ere, senatari autonomiko moduan dagokidan paperaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko bakoitzeko hiruna ordezkari dauzkagu. Horien artean, arabarren presentzia nabarmendu nahiko nuke. Hain zuzen ere, hamar urte betetzen dira aurten azken ordezkari jeltzalea, Paulino Corcuera, Goi Ganbera utzi zuenetik eta orduz geroztik arabarren ahotsa itota egon da Estatuko alderdien interesei men egin izan dioten ordezkarien ahoetan. Laster ozen entzungo da!
Ez nuen gutxiagorik espero, baina guztiei sumatu nien lanerako gogoak are gehiago motibatu ninduen etapa berri honengan daukadan ilusioa oraindik gehiago pizteko. Gehiengoak aldatu dira eta, Alderdi Popularrak berez balio gutxituta dagoen Goi Ganbera oraindik gehiago debaluatu ostean, aurrerantzean gehiengo osoa izango duen Taldeak aurrekoen akats berberak errepika ez ditzan espero dut, denoi garrantzitsu izateko aukera emanez.
Lanera gatoz. Euskadi eta Estatuaren arteko harremana aldebikoa izan behar dela aldarrikatzen badugu ere, EAJ-PNV beti egongo da Euskadiren interesak jokoan dauden erakunde guztietan; Senatuan ere bai, noski! Lurralde ordezkaritzarako omen den Ganberari dagokion papera eman nahi diogu, eta ez Estatuko lurraldetasun arazoen aurrean errealitatearekiko entzungorrarena egiten duena. Arazo politikoak zigor eta epaileen ebatziekin lurperatu nahi dutenek politikari berari ere lur palakadak botatzen arituko dira. 155aren Ganbera elkarrizketa eta adostasunaren Ganbera izatea lortu behar dugu.
Zenbakia, prestakuntza, esperientzia eta lanerako gogoa kontuan hartzen badugu, gure kalifikazioa hamarra da. Orain gure helburua lan egitea da; Euskadiren alde, euskal herritarren interesen alde: Euskal Agenda. Egia esan, benetako kalifikazioa azken azterketan erabakitzen da: lau urte barru, edo behintzat legegintzaldia amaitzerakoan, baina oinarri sendoak ditugu eta ez dut zalantzarik gure hamarra bikaina izango dela.