Iturria: enekogoia.eus:
Donostia Kulturak eskaintzen dituen zerbitzu katalogoaren baitan, lehen kultur-etxe digitala sortzea bultzatuko dugu hurrengo legealdian. Tresna birtual honek kultur edukiak sortu eta hedatzea ahalbidetuko du, gaur egungo kultura jasotzeko eta kontsumitzeko modu berritara egokiturik.
Gros auzoan gazteekin topaketa egin dugu ideia azaltzeko. Egun, Donostia Kulturako bazkide gazteen %35ek jadanik kultur edukiak modu digitalean jasotzen ditu (liburuak, serieak, filmak edota musika). Aldi beran, gure artean dagoeneko badaude teknologia berrien bitartez kultur ikuskizunez gozatzeko esperientziak, hala nola museoetara bisitaldi birtualak, eta zenbait kasutan bisitaldi presentzialek baino kopuru handiagoak izaten dituzte.
Dagoeneko Donostia Kultura murgilduta dago kultur etxe digitalaren gogoeta eta diseinuan. Horrek, geroz eta handiagoa den euskarri digitaleko kultur sorkuntza modu egokian bideratzen lagunduko du, eta formazio ikastaroen bidez kultura digitala zabaltzeko aukera berriak irekiko ditu.
Gaur egungo tresna teknologikoek edukiak mundu osoan zabaltzeko aukera ematen dute, norberaren nahietara egokitutako zerbitzuak eskaintzen dituzte, eta interes beretsuak dituzten komunitateak sortzen laguntzen dute. Horrekin batera, indarra hartzen ari da kalitate altuan eskainitako kontzertuen difusioa, Berlingo Orkestra Filarmonikoa digital concert markarekin egiten ari den moduan.
Kultur etxe digitala sortzeko ekimen hau hiriko beste eragile batzuekin lankidetzan bultzatuko da (Tabakalera, Musikene, Etxepare, Hamabostaldia, Zinemaldia…) eta lurraldeko beste eragile teknologikoekin elkarlana bilatuko du.
Kulturgintzan erronka eta helburu berriak jartzeko orduan, behar beharrezkoa da egungo kultura jasotzeko modu berrietara egokitzea, kultur edukien kontsumo digitalerako joera.
Ekimen honen helburuak honakoak dira: Kultura digitalaren aldeko apustua egitea hiriko arlo guztietan; ondarea digitalizatzea, behar bezala zaintzeko eta ezagutzera emateko; bertako kultur sorkuntza mundu osora digitalki zabaltzea digitalki; sormen digitalean esperimentazioa sustatzea; digitalizazioak dituen askotariko arloak donostiarrei ezagutzera eman eta esperimentatzeko aukera eskaintzea: robotika, adimen artifiziala, big data… Azkenik, industria teknologikoarekin (Miramonen kokatua hein handian) lan egitea eta eduki digitalen ondarea biltzea ere xede du.
Harro egoteko moduko kultur aktibitatea daukagu Donostian: batetik, nazioarteko ekintzak ditugu, eta bestetik auzoetako bizitza dinamizatzen duen kultur etxe sare izugarriaz gozatzeko parada.
Zerbitzu berri honekin, Donostia Kulturaren 100.000 bazkideek liburu katalogoa eta bestelako edukiak modu digitalean jasotzeko aukera izango dute. Gainera, kultur etxe digitalak Donostia Kulturak antolatzen dituen ekimen batzuk urrunetik jarraitzeko aukera emango du.
DK Irratia eta hainbat kultur etxetan hobekuntzak
Donostia Kulturak kultur etxeetan egiten duen jarduera babesten eta indartzen jarraituko dugu. Egun kultur etxe sareak 11 eraikin ditu auzoetan banatuta, eta bertan era askotako zerbitzuak ematen dira, eta milioi bat bisita baino gehiago jasotzen ditu.
Kultur etxeak erreferentziazko gunea dira auzoetan. Izan ere, ez dira kultur zerbitzuak ematera mugatzen, horrez gain Gazteleku, Haurtxoko edo Donostia Lagunkoiaren zerbitzuak ere eskaintzen dituzte eta, beraz, belaunaldien arteko topagune bihurtzen dira.
Horrenbestez, kultur etxeen etorkizunari eta hurrengo hamarkadetan bete beharko duten funtzioari buruzko hausnarketa-prozesua egingo dugu, betiere, jatorrizko helburua ahaztu gabe.
Donostia Kulturak aurrera egiten jarraitu behar du eta etorkizunerako erronkak jarri behar ditu. Horiek horrela, Casares Irratia sustatzen jarraitu behar dugu eta DK Irratia bihurtzeko urratsa eman behar dugu. Hori izango litzateke, hain zuzen ere, hiriko lehen irrati guztiz kulturala, Donostiako kultur eskaintza zabalaren bozgorailua.
Gainera, hiriko kultur ekipamenduetan inbertsioak egiten jarraitzearen alde egingo dugu, ongi kokatuta egoteko eta kalitatezko programazioa eta zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko.
Hortaz, Loiolako kultur etxean lanak egingo ditugu, irisgarritasuna hobetu eta ekipamendua handitzeko, Gaztelekua bertan jarri ahal izateko; eta era berean, Lugaritz kultur etxea handituko dugu, auzotarrek eskatutako Haurtxoko eta Gazteleku zerbitzua eskaini ahal izateko.
Aipatutako hobekuntzez gain, besteak beste, Espainiako Gobernuari Pio XII-ko ordezkaritzaordearen eraikina hiriari uzteko eskatzen jarraituko dugu, bertan, Amaran beste kultur etxe bat egin ahal izateko.