Kontraesankorra da zutaz hitz egin eta sentimendu gazia adieraztea. Baina, nahiz eta hainbeste urtetan zure jardun bikainarekin gure bizia gozatu duzun, zure agurrak garraztu egin du nire aldartea.
Madrilen nengoela, lagun batek telefonoz eman zidan albiste txarra: “Joxe Mari Gorrotxategi hil da” eta, atsekabearen ondoren, bat-batean, atzera begiratu eta zurekin bizitako momentuak gogoratzen hasi nintzen. Eta asko izan direla konturatu nintzen. Langile fina, nire aita baino bi urte gazteagoa; asko pasatako generazio baten adibide.
Tolosan ezaguna izan zara, Gorrotxategi gozotegiko arima izan zarelako, baina Euskal Herri osora ere heldu da zure fama, eta zurearekin batera herriaren izena ere zabaldu duzu; horrek asko poztu zaitu, betidanik izan duzun asmoa izan delako. Gizon berritzaile eta erreferente izan zara.
Argazkilari ona ere bazinen; irudi plastikoa, koloreak, bizipenak harrapatzen zekiena. Baina zure 90 urteko bizitza oparoan, besteongan ere hainbat bizipen utzi dituzu grabatuta. Alkate nintzela urtero ekartzen zenidan larrosa bat udaletxera San Juan egunean. Nik maitasun handiz jartzen nuen bulegoan, eta urte osoan egoten zen bertan, hurrengo ekainaren 23an sutan erre eta hurrengo egunean larrosa berria ekartzen zenidan arte. Ohitura eder hori mantendu egin duzu urtero Alkate izan direnekin.
Asteon behin betiko agurtu zaitugu, Joxe Mari; San Juanetarako egun gutxi falta direnean. Aurten ez duzu lorea Tolosako udaletxera eramaterik izango, baina agurraren une latz hauen gazia igarotzen denean, gozotasunez gogoratuko zaitugu. Eskerrik asko eta egun handira arte!