Horrela definitu zuen Mari Mar Blancok Espainiako telebista publikoak EH Bilduko koordinatzaile nagusiari asteazkenean egindako elkarrizketa: bozgorailu zitala. Adierazpena terrorismoaren biktimak omentzeko Diputatuen Kongresuan egindako ekitaldian egin zuen Blancok baina, nork hitz egin zuen, Terrorismoaren Biktimen Fundazioko Presidenteak ala Alderdi Popularreko diputatuak? Biktima guztien ahotsa izatea zegokion baina erabilera politikoa egiteko erabili zuen Kongresuak eskainitako bozgorailua.
Biktimek errespetu eta aitorpenik handiena merezi dute, eta jasan zuten min bidegabea leuntzen lagundu behar zaie, baina mesede gutxi egiten zaio haien memoriari bakoitzak bere ideologi eta interesen arabera erabili nahi baditu. Hortaz, agian irakurketa beste noranzkoan egin behar da: biktimen memoriari mesede gutxi egiten bazaio, baten bati mesede egiten diolako izango da.
Guztiz bidezkoa da edozein biktimen taldek bere iritzia eman nahi izatea baina, bidezkoa al da batasunik ez duen mugimendu batek Gobernu baten osaketa baldintzatu nahi izatea? Bidezkoa al da hauteskunde demokratiko baten ondorioz herritar gehienen bozken bitartez nagusitu zen iritzia baino garrantzi handiagoa duzula erakutsi nahi izatea?
Eztabaidatu daiteke justu biktimak omentzeko egunaren bezperan bertan Otegi elkarrizketatu izanaren egokitasuna edo sentsibilitate falta; urteak 365 egun ditu; eta eztabaidatu daiteke, baita ere, EH Bilduko buruzagiak esandako hainbat mezu. Adibidez, niri arreta ematen dit, ezker abertzaleko beste askok dioten moduan, eurek ‘biolentzia armatuaren amaieran lagundu dutela’ esatea; hortaz, agian irakurketa beste noranzkoan egin behar da eta, interpretaziorik bigunenean, duela bost urtera arte biolentzia armatuarekin amaitzera ez dutela lagundu pentsa daiteke.
Terrorismoaren biktimek errespetu eta aitorpenik handiena merezi dute, baina egin behar zaien omenaldirik onena denon arteko batasuna izan behar da, eta atzoko ekitaldian zatiketa nabarmendu zen: alderdi politikoena eta biktimen elkarteena ere. Bozgorailuek arrisku hori dute.