Gobernua bai? Gobernua ez?

Nork daki; ez da erraza jakiten gobernua osatuko den ala ez. Gure buruari galdetu beharko genioke ea nork galtzen duen edo nork irabazten duen hauteskunde berri batzurekin. CISen datuak aztertuz gero, zein kalean sumatzen den usaina hartuz, ezker aldean PSOE gertatuko litzateke garaile eta Podemos galtzaile nabarmena. Horrekin bakarrik, Podemosek hauteskunderik ez errepikatzea nahiko dutelakoan nago.


Eskubi aldean ez dago hain garbi; Voxek galduko luke eta, beste bien artean, nahiz eta azkeneko asteetako Ciudadanosen gestioa penagarria izan… nork daki, izan ere Pablo Casado zein Albert Rivera txanpon bereko bi aurpegi moduan azaltzen ari dira; bata zein bestea galtzaile atera ahalko lirateke, ez dabiltzalako oso fin, baina gerta daiteke biek ere irabazle aterako direla pentsatzea.


Gauzak horrela, iruditzen zait hauteskundeak ez direla errepikatuko; beste kontu bat da, benetan kezkatzekoa, ea ostean nola gobernatuko duen PSOEk. Pedro Sanchezek Gobernuan egin duen urtean borondate asko azaldu ditu baina errealitate gutxi: Franco hilobitik ateratzeko ahaleginarekin, adibidez, edo oraindik Rajoyren aurrekontuekin gobernatu behar izateatearekin.


Dirudienez, orain legeak aldatzeko asmoa azaldu dute alderdi nagusiek Gobernuaren osaketa errazteko. Baina, nola adostuko dute Presidentea aukeratzeko bidea errazteko prozedura Presidentea aukeratzeko bidea erraztu nahi ez duten alderdi berberek? Legeak behar al ditugu gure borondatea egokitzeko? Ez al zen errazagoa izango gure burua, gure lan eskema aldatzea, behar den bezala gestionatu ahal izateko?


Gaur egun, bai Kongresuan zein Senatuan fragmentazio handia dago eta hori gestionatzen ikasi beharra dago; egoera hau ez da konpontzen legea aldatuz edo hauteskundeak errepikatuz. Herritarrek eman zuten beraien hitza eta orain alderdi politikoei dagokie hori zuzentasunez interpretatzea eta bidezko erantzuna ematea.