Asko hitz egin da azaroaren 10ean egin beharko diren hauteskundeen aspektu ezberdinen inguruan. Gaurkoan, izango dituen kostuak, fakturak, azpimarratu nahi ditut. Kostuak eta fakturak, horrela, pluralean idatzita.
Irakurri dudanez, antolaketa lanek eta alderdi politikoei dagokien laguntzek 160 milioi euroko gastua ekarriko omen dute. 2016an onartutako lege aldaketa bati esker, alderdientzako dirulaguntzak %30 jaitsiko dira hauteskundeen errepikapena delako, dena dela, azken lau urteotako lau hauteskundeetan 540 milioi euro inguru xahutuko dira.
Asmo onez, herri ekimen baten bitartez milaka lagunek aldedi politikoek posta bitartez euren etxeetara publizitaterik bidali ez dezaten prozedura jarraitu dute, alde batetik diru galera arintzeko baina batez ere, nire iritziz, euren haserrea agertzeko modu bezala.
Pedro Sanchez jarduneko presidente eta PSOEko hautagaia ere, aurrezteko neurri moduan, alderdi politikoei kaleetan jartzen diren iragarkirik ez egiteko proposamena helaraziko omen die, aste bakar baterako banderola edota hesietan jartzen diren iragarkiak jartzeak ez omen duelako merezi.
Orduan, zein bide geratzen zaigu gure mezua herritarrei halarazteko? Denok dakigunez, oraindik ere telebista da herritar gehienengana heltzeko modurik eraginkorrena. Eta zer dio Sanchez hautagaiak? Debate bakar batean hartuko duela parte, bost alderdi baino ez. Eta zer dio Estatuko telebista publikoak? “Logikoak” diren hiru buruz-buruko antolatuko dituela: Sanchez-Casado, Sanchez-Iglesias eta Casado-Rivera.
Honenbestez, ikus dezakeguna da galera ekonomikoa ez ezik, informazio aldetik ere galera handia emango dela kanpainan, hainbat alderdiren mezu eta proposamenak isilaraziko dituztelako, eta pluraltasun informatiboa mugatzearen faktura hori alderdi txikienek ordaindu beharko dugu.