Madrilgo Senatuan, Bozeramaileen Batzordekook biltzen garen gelaren aldamenean dagoen ‘urrats galduen’ aretoan, Cristobal Colonen estatua bat dago. Bertan dagoen inskripzioak arreta eman zidan lehenengoz irakurri nuenean: “A las diez de la noche en 11 de octubre de 1492: ¡Tierra!”. Izan ere, beti ikasi izan dugu urriaren 12an heldu zela Ameriketara eta horregatik ospatzen dela jai biharko egunez Estatu espainiarrean.
Gaur urriak 11 denez, inskripzio hori gogoratu eta interneten bilatu eta aurkitu dut horren azalpena izan daitekeena: diotenez, Rodrigo de Triana begirariak orain Amerika moduan ezagutzen den lurra lehenengoz urriaren 12an ikusi omen bazuen ere, aurreko gauean Colonek berak su argi batzuk ikusi omen zituen lurra izan zitekeena antzemanez, Santamaria itsasontzian berarekin zihoazen hurbileko laguntzaileei horren berri emanez.
Gaur egungo politikaren begirari batzuk emaitza bikainak iragartzen zizkioten Alderdi Sozialistari hauteskundeak errepikatuz gero eta, horregatik, beste alderdi batzuei kontzesioak egin beharrean, ontzia ziztu bizian zuzendu zuten hautestontzietako portu distiratsura. Gaur, gure botoa berriz emateko hilabete baino falta ez denean, kostaldea hurbilago ikusten dute, baina ez dute oso argi Indietara ala Mundu Berrira heltzen ari diren.
Colonen kontakizunera bueltatuz, Erreginak lurra ikusten zuen lehen pertsonari bere bizi osoan urtero 12.000 marabedi emango zizkiola agindu omen zuen eta, Pinta karabelako begirari zen Rodrigo de Trianaren kalterako, ohore eta diru hori “a las diez de la noche en 11 de octubre de 1492: ¡Tierra!” iragarri omen zuen Colonek berak jaso zituen Estatu espainiarrera itzultzerakoan. Hori bai, almiranteak kontzesio bat egin behar izan zuen lehenago; izan ere, Guanahani-ko kostaldera heltzerakoan hondoa jo eta Santamaria ontzia urrutiko lurralde haietan utzi behar izan zuelako. Ea apirilaren 28tik azaroaren 10era bitartekoak ere ez diren urrats galduak.