Hauteskunde kanpaina hasi da… ala amaitzen ari da? Garai nahasiak bizitzen ari gara; egutegi eta komunikabideen arabera Estatuko Gorteetarako hauteskunde kanpainari hasiera eman zaio gaur, baina egunerokotasunari distantzia apur batekin begiratzen badiogu, amaitzen hasiak direla esan genezake. Are gehiago, aste bete baino iraungo ez duen honetan.
Izan ere, garaiotan etengabeko hauteskunde kanpainan bizi gara, tarte ofizialera heldu arte botoa eskatzerik ez dagoen arren. Aspaldian entzuten ari gara alderdi politikoak makinaria elektorala bihurtu direla; Estatuko egoera ikusita, jarduera elektorala alderdien izateko arrazoia direla esan genezake.
Apirilaren 28ko hauteskundeen ostean, ia mundu guztiak PSOE eta Podemosen arteko akordioa emango zela aurreikusten zuen, baina euren arteko elkarrizketen edukiak barrurako baino kanporako izan ziren; prentsaurrekoak, irainak, itxurakeriak… Guztia hautesleen aurrean norbere diskurtsoa zabaltzeko. Eta zer esan, negoziazioak eten ostean, Pedro Sanchezek jarduneko presidente karguaz aprobetxatuz egin dituen ekimenez! Junta Elektoralak ere behin baino gehiagotan tiratu behar izan dio belarrietatik.
Guk, bestalde, gurera jarraitu behar dugu; Euskadi eta euskal herritarren interesen aldeko ekimenak martxan jartzen eta Euskadi eta euskal herritarren interesen aurkakoei kontra egiten. Euskadin bertan erakutsi dugu badakigula Herria aurrera ateratzen, akordioetara heltzen, aberastasuna eta berdintasun soziala lortzen… baina ez asteon, ez hitzaldi loratu eta txalotuetan esaten; EAJ-PNVk egunero-egunero eta urte askotan zehar erakusten du hori, Euskadin zein Madrilen.