Hauteskundeen ostean, eta Estatu osoa Sanchezek eta Iglesiasek Gobernua osatzeko Kongresuan lortu behar duten babesa nortzuk emango dioten begira dagoenean, nik Senatura zuzenduko dut fokua Goi Ganberan geratu den egoera azaltzeko.
Lehenengo eta behin nabarmendu behar dena, jakina, PSOEk gehiengo osoa galdu duela izan da, PP oso gertu geratuz. Ez da oso ohikoa hainbesteko oreka izatea Senatuan, hautaketa prozesuak gehiengo absolutuak bideratzen baititu. Sozialisten aurretik PPkoek izan zuten Ganberaren kontrola eta honen instrumentalizazioa egin zuten. Ea oraingoan lan egiteko eta proposamen eraikitzaileak egiteko aukera gehiago dugun!
Senatuko zenbakiak azaltzea ez da erraza. Igandean 208 senatari aukeratu baziren ere, Autonomia Erkidego bakoitzari ere badagokio euren senatariak aukeratzea eta hauen kopurua aldatu egiten da lurralde bakoitzak une bakoitzean duen populazioaren arabera. Gainera, bakoitzak bere hautaketa egutegi propioa dauka, eta adostasunek edo adostasun faltek edota bestelako gertaerek eragina izaten dute. Horrela, abenduaren 3an martxan jarriko den XIV. legealdian 265 senatari izan beharko bagina ere, ez dago argi senatari autonomiko guztiak izendatuta egongo diren ordurako; badirudi ezetz. Hortaz, ezin da jakin zenbat egongo garen ikasturteko lehen egunean Senatuko presidentea eta Mahaiko beste kideak aukeratzeko. Kalkulagailuak sutan egongo dira!
Bestalde, EAJren posizioa azpimarratu nahiko nuke. Izan ere, nahiz eta ordezkari berdinak lortu ditugun hauteskundeetan, oraingoan laugarren indar handiena gara Lurralde Ganberan, PSOE, PP eta ERCren ostean. Hamar ordezkarirekin, gure indar aritmetikoa berdina izango da (Talde propioa izateak agenda propioa defendatzeko gaitasuna mantenduz) baina gure pisua handiagoa izango da, honek dakartzan abantailekin.
Lanari ekiteko gogotsu nago, Talde bikaina izateaz gain, eguneroko jardunean eragina izateko aukera handiagoak daudelako; gure agendako mandatuak betetzeko aukera handiagoak ditugulako.