Black Friday edo Ostiral Beltza da gaur. Ez zaizkit batere ardura dendetan izango diren eskaintzak baina ohitura honen jatorria zein den jakin nahi izan dut, egunarena eta izenarena hain zuzen ere. Gabon aurreko lehen erosketak egiten ziren lehen eguna izateagatik egin zen ezagun, nola ez Estatu Batuetan; bertan, azaroko laugarren ostegunean Eskerrak Emateko Eguna ospatzen da eta, biharamunean, oparien garaia hasi ohi da.
Izenaren jatorria, aldiz, ez dago oso argi. Interpretazio baikorra eta ezkorra daude: saltzaileek euren balantzeetan izaten zituzten ‘zenbaki gorriak’ beltz bilakatzen ziren eguna zelako diote lehenengoek; erosketak egitera joaten zirenek sortzen zituzten trafiko arazo handiengatik poliziak jarritako izena omen dela diote bigarrenek.
Gure edukazioarengatik, beltza gauza txarrekin lotzen dugu; baita ere, beltzaren kontrakoa zuria dela ikasi dugu. Horregatik, hain zuzen, Vox alderdiaren laguntza behar dutenek hauen barru beltza zuritu beharra ikusi dute. Ultraeskuindarrek, bakarrik asteon, indarkeria matxistaren aurkako adierazpen instituzionalik ez egotea ahalbidetu dute Kongresuan; Madrilgo udaletxean edo Alakantekoan eta beste hainbat tokitan egin duten bezala. Ekintza hauek eta euren agintarietako batek Emakumeenganako Biolentziaren Aurkako Nazioarteko Egunean egin zituen adierazpen gogor eta bidegabeek alderdi horren benetako izaera erakutsi baino ez dute egin. Genero politikan izan da, baina berdin gertatuko da migrazio, eskubide historiko, Autonomia Erkidego eta beste hainbat politikei dagokienez.
Guk argi daukagu Vox-i lerro demokratikoa jarri behar zaiola erakundeetan bere jarduerak eraginik izan ez dezan, azken urteotan hainbeste eragileren artean eraiki dugun ongizatearen gizarteak atzera egin ez dezan. Lerro hori, baina, ez da baliagarria izango Alderdi Popularrak alderdi arrunta izango balitz bezala normaltasunez integratzeko bidea ematen badio: Kongresuko Mahaian postu bat izan dezan ahalbidetuz, haien sentsibilitatea zauritu lezakeen ekimenik ez onartuz… Eta hau hasi besterik ez da egin. Madril, Andaluzia, Murtzia edo beste hainbeste lekutan ematen dioten babesaren prezioa da barrua beltza dutenak zuritu nahi izatea.