Aurreko astean, senatariok kargua hartu genuenean, Alderdi Popularreko Rafael Hernandok Konstituzioari men egiterakoan jeltzaleok erabiliko genuen formulaz galdetu zidan pasilloetan. Egun horretan eratu ziren bai Senatua eta baita Kongresua ere, eta zenbait alderdi politikoetako ordezkariek erabili zituzten formulek Itun Nagusiaren edukia hustu egiten dutela iritzita, PPkoek Auzitegi Konstituzionalari diputatu eta senatari bihurriek esandakoak aztertu eta guztiei dagozkien neurriak aplika diezazkietela eskatu diote.
Hizkuntzak baliatzen dituen ihesbideak “adarra jotzea” direla esan du, serio eta irmo, Arabatik Kongresurako hautagaitzarekin herritarren porrota jaso eta gero Segoviako Sotosalbos herrian erroldatu ostean bere alderdiak Senatuan Gaztela-Leon ordezkatzeko hautatu zuen bozeramaileak.
Ez dut ulertzen nolako kezka duten zenbait politikarik formekin edukiekin batere arduratzen ez diren bitartean. Edukia hustea eta adarra jotzea, benetan, lege edo arauen itxurari hainbesteko garrantzia eman eta mamiari lepoa ematea da. Konstituzioari zin egiteko formulak aho betez oihukatu eta testuan jasotzen diren arauei ezikusiarena egitea hipokresiarik handiena da.
Barkatu, hori ez da guztiz egia; Itun Nagusiaren bigarren artikulua euren zereginen zerrendan lehena izaten da beti: espainiar Nazioaren batasun banandu ezina jasotzen duena… nazionalitateei egiten zaion erreferentzia izan ezik, noski, hori zalantzan jartzen dute euren kriterio selektiboarekin. Horretara mugatzen ote da beraien Konstituzioa? Irizpide hori ote da alderdi politikoak ‘konstituzionalistak’ diren ala ez erabakitzen duen bakarra? Eta zer gertatzen da beste hainbat artikulutan jasotzen diren hainbat gairen inguruko hainbat eta hainbat eskubide eta betebeharrekin?
Eta Konstituzioaren blokearen barruan dauden eta Lege Organiko diren Autonomia Estatutuak ez betetzearen aldeko ekimenak gauzatzen dituzten alderdiak Konstituzioaren aldekoak al dira? Duela gutxi, Auzitegi Konstituzionalak Euskadiren aldeko beste sententzia eman du, oraingoan Gizarte Segurantzaren gestioa Erkidegoari dagokiola ebatziz; beteko al du oraingoan Estatuko Gobernuak? Rajoyk oraintsu jakinarazi du, harrotasunez, bera presidente izan den aldian ez diola Euskadiri transferentzia bakar bat ere eman, Estatutuaren arabera dagozkion eskumenak izan arren; hori ez da ez konstituzionala, ez legezkoa, ez bidezkoa.
Edukia husten duten bakarrak edukiari berari huts egiten diotenak dira. Bestelako guztia itxurakeria baino ez da; hori bai adar jotzea!