Gezurra dirudi, baina gaur egun albiste da alderdi politiko desberdinen arteko kideen artean elkarrizketak izatea. Arrunta izan beharko litzateke legebiltzarkideen artean hitz egitea baina, nonbait, arraroa, ezohikoa, berezia bihurtu da.
Normal eta ona ikusten dut politikariok kritikatzea, komunikabideen begiradapean egon eta epaituak izatea, baina aspaldi honetan horren ondorioz alderdi politikoak ahultzen ari dira eta hori ez da inondik inora logikoa.
Atzoko gertakizun bat esaten ari naizen isla da. Alderdi Popularreko Bilboko zinegotzi batek barkamenak eskatu behar izan ditu Gabon giroan egindako ekitaldi batean, beste batzuen artean, EH Bilduko beste zinegotzi batekin topa egin zuelako jaso zituen kritikengatik. Ez da lehen aldia antzeko egoera bategatik beste alderdi politiko batzuetako beste kide batzuk kritika zorrotzak jaso dituztela, izan ere noranzko horretara zuzentzen ari da politika pixkanaka-pixkanaka.
Nagusitzen ari den jokabidearen eraginez, alderdi politiko gehienen estrategia epe motzera begira dago: titularra, albistea, txioa, deskalifikazioa, oztopoa, esaldi ingeniosoa… Baina politikak epe luzerago begirada behar du: iparrorratza argi izatea, pauso sendoak ematea, pazientzia izatea, elkarrizketa indartzea, diskrezioa mantentzea, konfiantza lantzea, lan egitea…
Ikusten ari garen moduan, epaileen jarduna politikari gailentzen ari zaio Estatuan, baina alderdien jokabideak ere konplize dira politikaren pisu galtze horretan, izan ere politika husten ari dira; politikak berezko dituen elkarrizketa eta akordioak bilatzeko ahalegina salbuespenak direla ematen du.