Irakurle preziatua, Gabon jaietan nire testuekin geldialditxo bat egin ostean, berriro nauzu hemen politikan eta batipat Madrilen gertatu diren “berrien berri” zuri eskaintzen.
Hasteko, behingoz Gobernua osatu dela esan dezakegu, eta baita EAJk zerikusi handia izan duela hori horrela izan dadin. Ezokihoa izan arren, aldeko botoa eman diogu, batez ere ‘Euskal Agendaren’ bermea lortu dugulako; gure sei botoak Euskadiren alde joan dira.
Egunotan entzun diogu EH Bilduko ordezkari bati EAJk alderdiaren interesak defendatzeko egin duela, beraiek herriarenak defendatzen dituzten bitartean. Ez dut ulertzen Gernikako Estatutuaren arabera pendiente geratzen diren eskuduntzak EAEko erakundeen ardurapean jartzea, Estatutu berriari irtenbide egokia aurkitzea, lurraldetasun auzian sentimendu nazionalak kontuan hartzea, gure azpiegituretan inbertitzea, kirol eta kulturaren esparruan Euskadik nazioarteko ordezkaritza izan dezan bultzatzea edota Nafarroako Foru Komunitateak Trafiko eskuduntzak jasotzea zergatik ez den herriaren interesak defendatzea eta, aldiz, ezer ez lortzea eta musutruk Sanchezi Moncloara heltzen laguntzea bai.
EH Bilduk betiko papera jokatu du: kalean uso, etxean otso. Madrilen zein Nafarroan dohainik ematen du Gasteizen eman nahi ez duena. Madrilen zein Nafarroan eskubiari aurre egitea helburu dutela esango dute, agian, baina Gasteizen ez dute lotsarik PPrekin bat egiteko Eusko Jaurlaritzaren politiken aurka egiteko bada. Hamaika ikusteko jaioak gara!
Madrilen Gobernua osatu da, baina ez dira momentu errazak otso gehiegi dagoen politikaren oihanean. PPk Voxen itzala eta eragina bere jokabidean islatzen duen bitartean, Pedro Sanchezen Gobernuak bere barnean dauden diferentziak gestionatu beharko ditu. Horrela izan dadila, Gobernu honen alternatiba ez delako itxaropentsu izateko modukoa: PP, Vox eta Ciudadanos hirukotea. Ea osatu berri den Gobernuari lasai uzten zaion eta behingoz gizartearen alde lanean hasten den. Hala bedi.