Politika hiritarren bizimodua hobetzeko eta haien arazoak konpontzeko jarduera dela argi dugu horretara dedikatzen garen gehienok. Halere, badaude liskarra bilatzea eta arazoak sortzea helburu bakarra dutenak beraietaz hitz egin dadin politikaren lehiaren lehen lerroan egunero tinko ari direla erakutsi nahian.
Horixe da Estatuko ultraeskuindarren alderdiak jarraitzen duen estrategia piromanoa: arazoei irtenbideak aurkitzeko gaitasun eza nabaria izanik, han-hor-hemen oihartzun handia emango dioten gaiak bilatzen dituzte sua piztu eta denbora tarte batez haren aldamenean komunikabideen berotasunean mantenduz.
Euskadiren eskubide historikoak, Katalunia, Gurasoek hezkuntza gaietan erabiltzeko ‘Pin’ delako hori eta orain… euskara, nola ez. Eusko Jaurlaritzak Udaletan gure hizkuntzaren erabilera arautzeko dekretuaren aurkako helegitea jarri dute Euskal Herriko Auzitegi Gorenean “Konstituzioaren aurkakoa” edota “arrazista” dela esanez, besteak beste. Berdin da gezurra izatea edota zenbat lan egin behar izan den gaur egun gure gizarteak lortu dituen adostasunetara heltzeko, haien izateko arrazoia liskarra sortzea baino ez denean.
Dagoeneko inor ez zen harritu beharko ultraeskuindarren jokamolde honekin, horrela hazten ari baitira hauteskundez hauteskunde. Arraroena da Alderdi Popularra haien ildo beretik aritzeko erakusten ari den joera itsua. Oraingoan EAJkook euskara gure interesen alde “instrumentalizatu” egiten dugula aurpegiratu digute, nabaria denean euren helegitea arma politiko moduan erabiltzen adi direla, hain zuzen ere, euren interesen alde.
Estrategia honek ez dauka arrakasta handirik Euskadin, eskubiko hiru alderdiek hauteskundeetan izaten duten babes urria ikusita. Baina, antza denez, politika egiteko modu honekin beste lurralde batzuetan uzta jasotzeko baliagarria zaie; hori bai, hainbeste su eragin ondoren lur gehiegi erre eta ihartzen ez zaien bitartean, ostean zailagoa delako haziak ernatzea eta haztea.