Behin baino gehiagotan aipatu izan dut nire iritzi artikuluetan arrisku globala. Arlo desberdinetan egin dut: ekonomiaz hitz egiterakoan, krisiaren eragina nola hedatu zen azpimarratuz; ingurumena lantzerakoan, aldaketa klimatikoa giza jardueraren ondorioa dela salatuz; terrorismoa gaitzesterakoan, inoiz bururatu ere egingo ez zitzaizkigun tokietara heldu dela gogoratuz; edo erakundeen egituraketak aipatzerakoan, joera horrek esparru lokaletako ekintza politikoa inoiz baino garrantzitsuagoa egiten duela defendatuz.
Halere, eta gehien menderatzen dudan gaia ez delako, inoiz ez dut osasun arlotik gai honen inguruko hausnarketarik argitaratu. Gaur ere ez naiz ausartuko gehiegi sakontzen, baina azken asteotan Covid-19 delako birusaren hedakuntzak, Euskadira ere heldu denak, gaur egun lortu ditugun bizi mailak eta moduak osasun arrisku globalak ere eragin dituela ikusarazi dit. Duela urte batzuk esparru lokal batean geratuko litzatekeen drama batera mugatuko zen gaitz hau mundu mailako pandemia bihurtu da aste gutxi batzutan bizitzen ari garen teknologia eta aurrerakuntzaren aro moderno honetan; oraindik zein mailako ondorioak izango dituen ez dakigun gaitza, baina egunetik egunera ehunka heriotza eragiten ari dena.
Aberasgarria da, zalantzarik gabe, munduan zehar ibiltzeko aukera izatea eta une oro elkarrekin komunikatuta egoteko aukera izatea, baina horrek arrisku globalarekin batera bizitzera behartzen gaitu. Eta gabezi global horiek gobernatu egin behar dira, eta horretarako irtenbide bakarra horiei erantzun globala ematea da. Aipatu ditut zenbait gai: ekonomia, ingurumena, terrorismoa, Europako Batasunaren egituraketa, Covid-19… kasu gehienetan Estatu bakoitza bere irtenbide propioa ematen ahalegindu da, antidotorik eragingarriena izango litzatekeen guztien arteko erantzun globala ematen saiatu beharrean.
Egunotan jipoitzen gaituen Coronavirus madarikatuari dagokionez, balio bera dute duela hiruzpalau hilabete urrutiko Txinan hiltzen hasi ziren pertsonen bizitzak zein hurbilagoko Italiakoak edo egunotan sufriten ari garen etxeko euskaldunenak; balio bera dute zendutako adindunek, aurretiaz gaixo edo gabeziren bat zutenek edo erabat sano egon eta birusak heriotzera eraman dutenek; halere, lerro hauen bitartez herenegun Bizkaian hildako erizaina gogoratu nahi dut. Berak, beste erizain askok eta sendagile edota euren arloko bestelako profesionalek bezala, gure osasuna zaintzeko berea arriskuan jarri zuelako. Nire txalo zaparrada amaigabea berarentzat. Beraientzat. Eskerrik asko.