Politikan ohikoa da alderdiek gai bat aukeratu eta bandera moduan erabiltzea horrekin herritarren babesa lortzeko asmoz. Halere, sarritan batzuek nolabaiteko iruzurra egiten dute norgehiagoka horretan erabakiak hartzeko erantzukizunik ez dutela aprobetxatuz. Oposizioan, izan ere, erraza da demagogia egitea.
Egunotan, koronabirusa ia hizketaldi guztietako protagonista nagusia da. Etxetik irten ezinik egon beharra eragozpenik handiena dirudien arren, ez dauka parekorik gaitza sortzen ari den gaixo eta hildakoekin; hori da benetako arazoa. Kezka eta beldurra nagusi diren testuinguru honetan errazena da osasunaren bandera astindu eta norbera inor baino arduratuago bezala agertu nahi izatea: itxialdi osoak proposatuz, lan jarduera erabat gelditzea exijituz… Hori planteatzen dute oposiziotik, hori egiten ez duen Gobernuari bestelako interes ilun batzuk egotziz.
Jakina, denok ados gaude garrantzitsuena herritarren osasuna dela, inolako zalantzarik gabe, baina ez dira gauza bera lehentasuna eta esklusibitatea. Eta hor dago diferentzia: Gobernuak hainbat gairi heldu behar diola bere ardura guztiak betetzeko eta oposizioak nahikoa duela gai bakar horri heldu eta bandera astintzea agintean daudenei beti neurri gehiago, beti irtenbide hobeago edota beti erabaki egokiagoa exijitzeko.
Gaztelaniazko esaera bat erabiliz, errazagoa da predikatzea garia banatzea baino. Gobernuei garia banatzea dagokie eta oposizioei betebehar hori ondo egin dadila zaintzea eta eginkizun hori hobetzeko proposamenak egitea. Oposizio lan hori gai bakoitzak izan ditzakeen ondorio guztiak kontuan hartu gabe egiten dutenek, berdin askatasun eskubideen ikuspegitik zein ekonomi jardueraren adar konplexu guztiak aztertu gabe, ardura gabe jokatzen dute. Horiek ezin dira inoiz gobernura heltzeko moduko alderdiak izan, ezta oposizioa egiteko erreferente baliagarria ere; gehienez ere, banderak astintzen jarraitzeko.