Lanpetuta nabil egunotan. Medioetan etxean egotearekin jendea aspertuta dagoela entzun arren, niri labur egiten zaizkit egunak. Gure eginkizunean, zorionez edo/eta zoritxarrez, ordutegiak mugarik gabeko malgutasuna duen bezala, lanerako tokia ere han zein hemen izaten dugu, momentuko beharrizanen arabera.
Etxean babestuta egon beharra dugun aste hauetan, orain arte askotan egin izan dudana ‘telelana’ omen dela jabetu naiz, modan jarri den hitzaren arabera. Egia da Senatuko jarduera asko gutxitu dela, baina gauza asko daude gestionatzeko egoera zail honetan, gauza asko daude prestatzeko egoera hobetzen hasten denean erabaki egokiak hartzeko. Egoera normalean bezala, politikarion lanik handiena hemiziklotik edota bilera geletatik kanpo izaten da, gainera hauek ordezkatzeko bideo bidezko bilerak egin daitezke eta azken aldian uste nuena baino gehiago trebatu naiz horretan.
Dena dela, jakin badakit jende askok beste baldintza batzuk bizi dituela eta egunak amaigabeak egiten zaizkiola etxean sartuta. Komunikabide guztiek horri ere aurre egiteko saioak edota gomendioak prestatu dituzte: klaseak, yoga ariketak, irakurgaiak… denak balio du. Bizi dugun egoera larri honetan tontakeria dela ematen du horretaz kezkatzea baina, edukien artean batzuek besteek baino garrantzi gehiago dutela jakitun, egoera eramangarriagoa egiten laguntzen du, askotan norberaren osasuna kaltetu ez dadin.
Lanpetuta zein aspertuta, halere, zorionekoak gara, kanpotik heltzen zaizkigun albiste benetan garrantzitsuekin konparatuz gero. Zenbakien uholdeak errealitatearen pertzepzioa lausotu arren, Coronavirusak jota laurehundik gora hildako edo zazpi milatik gora kutsatutako euskaldun bakoitzaren atzean oinaze istorio bana dago; Estatu espainiarrean, 10.000 drama eta 110.000 sufrimendu baino gehiago; munduan 50.000 pertsonatik gora hil dira gaitz honekin. Lanpetuta zein aspertuta, osasuntsu egotea da pribilejioa.