Gehienok ez dugu gogoratzen Aberri Eguna aurtengoa bezalako egoera berezian ospatzea zer den. 88. edizioa da aurtengoa eta horietako gehienak ezkutuan egin behar izan ditugu, edo hobe esanda, egin behar izan zituzten gure aurreko belaunaldikoek: lehenengo gerragatik eta ostean berrogei urteko iluntasunagatik, barnean daramagun, barnean zeramaten abertzaletasunaren sua etxeko hormen babesean hauspotu behar izan zuten.
Faxismoaren gaitzari aurre egin ondoren, oraingoan gaixotasun kutsakor larri bat dugu etxean gerarazten gaituen gaitza. Honako honetan, ordea, hormen atzean ezkutatu gabe balkoietara aterako gara igandean Aberri Eguna ospatzeko. Urtero bezala, baina oraingoan inoiz baino arrazoi gehiagorekin, ikurrina eskegiko dugu bertan. Askok prest ditugu dagoeneko, baina itxialdi honetan eskura ez dutenentzat, Euzko Alderdi Jeltzalea zatika inprimatu eta margotzeko aukera ematen ari da webgunean eskura daitekeen agiri baten bitartez. Bederatzi piezak osatzen dute; bakoitza bere aldetik ikusita, zentzu gabeko marrak baino ez dirudite, baina puzzlea amaitzerakoan, gure ikurrina osatzen da. Gu ere, gure balkoietan, alaitasunik gabeko ospakizunean gaudela pentsa genezake igandean, baina Euskadiko balkoietan milaka eta milaka aberkide izango garela ohartzean, denon artean, gure Aberriaren puzzlea osatzen ari garela konturatuko gara, aske izateko nahia daukan Aberria.
1932an egin zen lehen Aberri Egunetik hona, asko eta asko izan dira justizia eta askatasunaren alde euren bizia eman dutenak. Aurten, dena dela, bereziki gogoan izango ditugu egunotan zorigaiztoko birus honen eraginez hiltzen ari direnak eta baita beraien eginkizunetatik gaitz honi aurre egiten ari direnak. Euskadik aurrera egingo du. Denon artean lortuko dugu!