Gaur San Isidro eguna da baina Euskadiko hainbat herritan ezin izan dira behar den moduan ospatu jai eta azoka politak. Gaur bertan jakin dugu, baita ere, abuztuan ez direla euren eginkizunetan arituko Celedon, Marijaia edo Artilleroak Gasteiz, Bilbo eta Donostiako jaietan. Zorionez, desberdina izango da itsasbazter zaleentzat, justu hilabete barru gure kostaldeko hondartzak berriz zabalduko dituztelako. Arduraz jokatzen badugu, amesgaizto hau hasi aurretik egiten genituen hainbat gauza berriz egiteko aukera izango dugu “normaltasun berria” deitu den horretan. Bide onetik goaz. Pandemiaren datuak hobetzen doazela dirudi eta, adibidez, azken 24 orduotan hildako bat izan omen da Euskadin Koronabirusa dela eta.
Beste hilabete bat aurrerago eginez, uztailaren erdialdean, hauteskundeak izan ditzakegu Autonomia Erkidegoan. Adituek emandako gomendioen arabera Urkullu Lehendakariak egin zuen aurreikuspenak oposizio guztiaren kontrako iritzia jaso zuen arren, gero eta jarraitzaile gehiago dituela ematen du. Galiziako presidenteak ere deialdia orduan egingo omen duenez Iturgaitzen trabak ere leundu dira, eta ezker abertzalearen eta Ahal Dugukoen “kontrakokeria” gero eta ageriagoa da, Lehendakariari leporatzen dioten presak eta arduragabekeriak ez duelako zentzurik beraien proposamena hauteskundeak bi hilabete geroago egitea baino ez denean.
Bitartean, Lehendakariak berari dagozkion ardurak egiteagatik kanpainan dagoela aurpegiratzen diotenek, euren kanpainarekin jarraitzen dute. Inoiz ezagutu dugun osasun larrialdirik zailenean, gure egoera benetan dena baino txarragoa dela aditzera eman nahi dute: helburua agintarien irudia zikintzea da, berdin dio hiritarren artean ezinegona eta kezka handitzea.
Kanpaina horretan, batzuek aspaldiko ohitura txarrak berreskuratu dituzte azken egunotan eta hainbat herritako Batzokitan pintada iraingarriak egin dituzte EAJren aurka, Tomas Caballero UPNko zinegotzia tiroz hil zuenaren gose grebari babesa ematea aitzakiatzat hartuta. Duela gutxi bi urte bete dira Euskadin mende erdi iraun zuen beste izurrite bati amaiera eman genionetik baina, dirudienez, “herritik sortu eta herrian urtu” omen direnak ez dira oraindik moldatu beraien “normaltasun berrira”.