Senatuko azken hileetako arduretako bat, Ganberak adierazpen instituzionalak aho batez onartu behar ez izateko bideak izaten ari da. Duela gutxira arte ez zen arazorik, horrelako adierazpenak demokrazia eta bizikidetzarekin bat datorren edozein alderdi politikok onartu beharreko gaietarako proposatzen direlako. Azken legealdietan, ordea, eskuin muturreko alderdi politiko bat Parlamentura heldu denetik, gizalegezkoa den edozeinek onartu behar lukeen hainbat proposamen bertan behera geratu dira.
Azken egunotan, eskuin muturreko alderdi politikorik izan gabe, Eusko Legebiltzarrean ere ezin izan dute adierazpen instituzional bat onartu, demokrazia eta bizikidetzarekin bat datorren arazo baten inguruan jardun arren. Alderdi Sozialistako legebiltzarkide baten etxean eta alderdi horretako eta EAJko zenbait egoitzatan egindako pintada mehatxatzaileak gaitzestea zuen helburu baina, hara non, ezker abertzaleak uko egin zion hauen aldeko elkartasuna agertzeari. Gehienez ere, “Idoia Mendiaren etxeari egindako erasoarekin bat ez datozela” onartu zuen Maddalen Iriartek, eta horrekin “marra bat gainditu” zela aitortu zuen. Agian gizatasun pixka bat agertzeko asmoz esan zuenarekin, komunikazio arloan hainbat urtetan aritutako lehendakarigaiak, esan ez zuena utzi zuen ageriago; hau da: ordura arteko erasoak, PSE eta EAJren egoitzen aurkakoak, onargarritzat jotzen dituela.
Pintadak COVID-19ak espetxeetan eragin ditzakeen kalteak salatzeagatik jaso omen zituen mehatxuak salatzeko ETAko kide bat egiten ari den gose grebari elkartasuna adierazteko egiten ari omen dira. Ezker abertzaleak salaketa horrekin bat egin nahi izatea ulertzen dut baina, demokrazia eta bizikidetzaren aldeko edozein pertsona legez, ez dut ulertzen nola babes daitekeen koakzioa eta mehatxua erabiltzea, are gutxiago azken mende erdian Euskadin biolentziarekin sufritu dugunarekin. Badaude horretarako beste tresna batzuk. Hain zuzen ere, Patxi Ruiz ETAkideak gose greba hasi zuen egun berean Kongresuan bederatzi alderdi politikotako ordezkariek, koronabirusa dela eta, presoen osasun eskubideak bermatze aldera Estatuko Gobernuari askatasun gabetzearen alternatibak bila dezala eta hainbat neurri har ditzala exijituz sinatu genuen adierazpena.
Giza eskubide batzuk aldarrikatzearen aldeko adierazpen hori sinatu zuen ezker abertzaleak, baina Legebiltzarrean beste giza eskubide batzuk aldarrikatzearen alde egiteari uko egin zion. Giza eskubide guzti-guztiak onartzen ez dituenak badaki demokrazia eta bizikidetza mugarritzen duen marraren zein aldetan dagoen.