Orain dela urte pare bat, beka bati esker graduondoa egiten ari zen ikasle talde batekin hizketaldi bat egiteko aukera izan nuen Senatuan. Hainbat gazte hartu nituen hango gela batean Gobernuari kontrola egiteko saio baten ostean, eta gure lanari buruzko iritzia galdetu nienean, batek ‘antzerkia’ aipatu zuen.
Orduko erantzunak zer pentsa eman zidan gure jarduerak ematen duen irudiaren inguruan, eta aste honetan berriz ere etorri zait burura, atsekabe handiagoz. Azken egunak dolu egunak izaten ari dira COVID-19aren eraginez hil diren guztien omenez. Dolua errespetua, begirunea eta isiltasuna da, eta Estatuko Gorteetan ikusten ari garena hain zuzen ere horrek adierazten duen guztiaren kontrakoa izaten ari da.
Kongresuko ikuskizuna tamalgarria da zenbaitzuen kasuan; dagokion gaia zein den berdin izanik, behin eta berriz mezu iraingarri eta argumentazio berberei ekiten diete, gero eta erasokorrago gainera. Senatuan Alderdi Popularreko senatariek Osoko Bilkuratik alde egin zuten eurei buruz esandakoaren inguruan haserrea azaldu nahian. Esan zitzaiena ez zen gozoa izan, baina inondik inora egin zuten protesta nabaria justifikatzeko modukoa.
Antzerkia gehiegikeriara eramanez gero, errazago da komunikabideetara ailegatzea, baina ez dut uste egun bizi dugun osasun egoerarekin eta gainera datorkigun krisialdi ekonomikoarekin unerik onena denik horrelako itxura emateko. Zubiak apurtuz. Eraiki beharrean, eraitsiz.
Bestalde, bere antzezlan partikularrean jarraitzen duena ezker abertzalea da. Madrilen uso, Gasteizen otso. Antzerkia irudikatzeko erabiltzen den ikurra bezala, Sanchezen aurrean komediaren maskara irribarretsua janzten du; Urkullurekin, tragediaren maskara negartia. Eusko Jaurlaritzarekiko eta euskal gizartearekiko izaten ari den jarrera justifikatu ezina da alderdi arduratsu batentzat. Tragikomedia balitz, barre gutxi eragiten du jokabide horren eraginez sortu ahal dituen ondorio tragikoekin konparatuz. Ez da antzerkietarako garaia.