Eguneroko bizitzan, eta politikan ere bai, ohikoa da pertsona edo talde bat definitzerakoan bere ezaugarriak laburbiltzen dituen etiketa bat jartzea. Batzuetan bidezkoak izaten dira eta beste askotan ez. Politikan, azken urteotan, etiketa eta adjektibo gehiegi erabiltzen da, substantibo sustantziadunak bigarren mailan utziz.
Ezkerra eta eskuina aspalditik eta mundu guztian ezagunak diren etiketak dira politikan, azken urteotan lehena positibotzat hartuz eta bigarrena pentsaera zaharkitutzat joz. Euskadin, ezker eta abertzalea etiketak bere gain hartu zituztenek, eskubikotzat hartzen gaituzte EAJko abertzaleak, gu gutxietsi nahian. Estatuan, bestalde, alderdi biren arteko gobernua progresista dela behin eta berriro errepikatzeko beharra dutenek jai giroan ospatu dute asteon Gutxieneko Diru-Sarrera onartu izana. Egoera txarrenean dagoen jendeari gutxieneko baliabideak emateko araudia duela 30 urte jarri genuen martxan Euskadin, gure jarrera eta gizarte politika benetan aurrerakoiak direla argi utziz.
Izan ere, aurrerakoiak edo zaharkituak izatea ekintzekin erakusten da, adjektibo edo etiketekin baino. Ezkertiartzat eta abertzaletzat duen joera politikoa biltzen duen koalizioaren idazkari nagusiak XIX. mendeko politikak edo XXI. mendekoak defendatzen dituzten alderdien artean aukeratzera deitu zuen hilabete barru egingo ditugun hauteskundeetan. Imajinatzen dut bere ustez zein izango den bata eta zein bestea; nik dakidan bakarra da nortzuk hasi diren mende honetan egiten guk aurrekoan egiten hasi ginenak. Horren adibide da aipatutako Gutxieneko Diru-Sarrera, EAJ herritarren alde lan egiten ari zen bitartean beste batzuek erakundeetan agertzeko asmorik ere ez zutenean.
Azken 40 urteotan euren burua ezkertiartzat duten abertzaleek zertan aritu diren ez dut esango, beraiek ez dutelako nahi hori gogorarazterik. Halere, zaila egiten da batzuetan isilik geratzea, joera politiko horretako buruzagiek sare sozialetan Euskal Herria irudikatu nahian suge narrasti bat erakusten duen bideoa argitaratzen duenean, edo beste batek esaten duenean ez direla azetonarekin ezabatzen presoen heriotzak, zinegotzi bat tiroz hil zuen preso baten protesten harira. Gai horiek aipatzen ditugunean gainditutako garaien inguruko etiketa jartzen diegula aurpegiratzen digute, haiei aurre egiteko beste argudiorik ez dugula nabarmenduz, baina horrelakoak entzutean, beraien helburua justu horixe egin dezagula dela ematen du. Probokazioa edo amnesia, hemen bakoitzak bere etiketa eraman behar du.