Aldaketa hasia omen da. Joan den igandeko hauteskundeen ostean, bigarren indar politikoak ikaragarrizko pozez ospatu zituen lortutako emaitzak. Aurreko deialdiarekin alderatuz, botoen eta ordezkarien igoera lortu izanak “aldaketaren hasiera” iragartzen omen du.
Matematikak egoskorrak direla jakinik, datuek EH Bilduk 2016an lortu zituen datuen igoera hori erakusten dutela onartu behar da. Horrek aldaketaren hasiera esan nahi du? Beraiek erabilitako esaldiaren mezuak, argazki finko bat baino, joera bat aditzera ematen du. Horregatik, joerak neurtzeko bilakaera bat behar delako, ez litzateke gaizki egongo lau urte atzerago egitea eta 2012ko hauteskundeetan jasotako datuak ere aztertzea.
Eta, hara! Lehen begiradan ikusten duguna da EH Bilduk ospakizun handiz eskuratu berri dituen eserleku berberak zituela duela zortzi urte: hogeita bat. Eta EAJk? Hogeita zazpi eskuratu zituen; hau da, gaur egun orduan baino lau ordezkari gehiago ditugu Legebiltzarrean. Boto kopuruan, izandako igoera azpimarratu zuten behin eta berriz, baina gutxik aipatu dute orain irabazitakoak bikoiztu egin beharko lituzketela 2012an lortu zituzten kopuruetara heltzeko; dituzten 249.000 bototik duela zortzi urteko 277.000etara heltzeko.
Eskolan ikasle nintzela “EAJko zaharrak hiltzen doazen heinean ezker abertzalekoak nagusitzen joango gara” entzun nuen behin baino gehiagotan. Tamalez, nik nahi baino urte gehiago igaro dira orduz geroztik baina, zorionez, gaur da eguna EAJk berriz ere hauteskundeak argi eta garbi irabazi dituela. Joera, beraz, ez da batzuek aditzera eman nahi dutena, baizik eta euskal gizarteak askatasun osoz behin eta berriz erakusten duena.