‘Brotxa lodia’, Jokin Bildarratzen artikulua

Nahiz eta hauteskunde kanpaina orain dela aste batzuk bukatu zen, orduan bizitako giro politiko gaiztotuak, brotxa lodiz margotzen jarraitzen duten pintore politikoek, oraindik gure artean jarraitzen dute.

Artelana osatzeko baino kamuflajerako prestatu zuen Iturgaitzek bere koloreen paleta. PPren urdinarekin ziria sartzeko ahalegina euskal herritarren artean ezin disimulatuz, Ciudadanosen laranjarekin saiatu da nahasketa egiten, emaitza ezin desegokiagoa lortuz Gernikako gure Lege Zaharren Zuhaitzari berezkoak ez dituen itxura eta esanahia aldatu nahian.

Bestalde, azken urteotan estiloa aldatu duena EH Bildu izan da. Halere, nahiz eta espraia alde batera utzi duten (oraindik ere batzuek grafitiak atsegin badituzte ere), espainiar estiloaren influentzia hartu dute, pintzela baino brotxa lodia nahiago izan dutelako, Madrilgo Gortean denok lotsarazten gaituen politika egiteko erabiltzen den estiloa Euskal Herrira ekarriz. Baina estiloaz gain, koloreak ere konpartitzeko arazorik ez dutela erakutsi dute; horrela, Eusko Legebiltzarrean ez dute inongo gupidarik izan PPrekin adostasunak lortzeko, horrela EAJren berdea ezabatzeko baldin bada.

Ezagun da pigmentu guztiak gaizki nahastuz gero ateratzen den kolorea beltza dela; eta hain zuzen ere, beltza izango da aurretik dugun bidea, pandemiari eta honen ondoriozko ekonomia krisiari edota hezkuntza eta kulturan ditugun erronkei gai guztiak zikinduko dituen brotxa lodiz ekiten badiegu. EH Bilduk bere koloreak, bere baloreak eta non kokatzen den aukeratu beharko ditu, eta ea euskal gizarteak ulertzen duen. Argi dagoena da, etorkizuna oinarrizko balore komun batzuk ditugunen arteko adostasunekin margotuko dela.