Gaurko egunez, 1895ean, Euzko Alderdi Jeltzalea sortu zuten. 125 urte igaro dira eta Alderdiak osasuntsu jarraitzen du, euskal herritarrok ematen diogun babes handia ikusita. Hori lortu ahal izateko ez dago sekreturik; erraza da zer egin behar den jakitea, nahiz eta hori ondo betetzea ez den horren erraza: egunez egun, gizartearen beharrak entzun eta horien alde egiteko lan handia egin.
Azken hauteskundeetan ere, EAJ-PNVk euskal gizartearen babes nagusia jaso du. Gure belaunaldiak inoiz ezagutu duen osasun eta ekonomia egoera larrienari aurre egiteko, herritarrek sustraiak sendo eta hostoak zindo dituen alderdi baten eskuetan jarri du beraien etorkizuna bermatzeko ardura. Eusko Legebiltzarra berritu da eta laster Jaurlaritza berria osatu behar da; hauek badute lana aurretik, hurrengo ikasturtea erronkaz beteta dator eta.
Lehendakariak ere sendo jarraitzen du bere lanarekin. Gaur Estatuko autonomia erkidegoetako presidenteak elkartu dira Gobernuko presidentearekin eta Iñigo Urkullu ez da bertaratu Pedro Sanchezen Exekutiboak Itun Ekonomikoko Batzorde Mistoa irailaren lehen hamabostaldian batzartzeko konpromisoa hartu duen arte; gainera, Euskadirentzako %2,6ko defizita eta %15,9ko zor publikoa onartu dute 2020rako. Egunez egun, gizartearen beharrak entzun eta horien alde egiteko lan handia egin.
Aurtengo ikasturtea bereziki zaila izan da eta abuztuaren atarian izan arren, lanean jarraitu behar da. Ikasle garaian, oporrak heltzerakoan, jolastea edota hondartzara joatea izaten genuen buruan baina, nota onak atera arren, ariketa liburuak bete behar izaten genituen. COVID-19ak gure artean jarraitzen du, enpresetan kaleratzeak iragartzen ari dira… Lana amaituta dagoela uste izatea akats handia dela ikasi dugu; hurrengo ikasturtean erronkak handiagoak eta zailagoak izaten dira beti, eta horietarako prestatzea ezinbestekoa da. Horrela izan da duela 125 urtetik hona, baita lehenago ere, eta aurrerantzean ere horrela izango da. Ekin diezaiogun lanari, sendo eta zindo.