Onintza Lasa, Gizaide Fundazioaren arduraduna da eta buruko nahasmenduak dituzten pertsonek pandemia eta txertoaren etorrera nola bizi duten oso ondo daki.
Zein da Gizaide Fundazioaren helburu orokorra 1997an sortu zenetik? Fundazioa duela asko sortua da eta profilak aldatzen joan dira. Orokorrean, gure fundazioaren egiteko nagusia buruko nahasmenduak dituzten pertsonei arreta ematea da. Askotan buruko gaixotasunak dituzten pertsonei laguntzen diogula esaten da, baina niri osasun arlotik abiatzea gehiago gustatzen zait. Beraz, buruko nahasmendu larri bat duten pertsonak artatu eta laguntzen ditugu, euren bizitzak ahalik eta duinen garatzeko. Horretarako, dauzkaten ahuleziekin lagundu eta babesten ditugu. Aldi berean, dauzkaten gaitasun guztiak indartzen saiatzen gara, izan ere, askotan ahazten den zerbait da eta guk garrantzi handia ematen diogu.
Momentu honetan zenbat proiektu dituzue martxan? Orain hiru etxebizitza eta eguneko zentro bat ditugu. Etxebizitzak oso desberdinak dira, batez ere ikuskapenari dagokionez. Hiru etxebizitza horietatik batean, urte osoan zehar, egunean 20 orduz egoten da hezitzaile bat erabiltzaileak artatzen. Beste bi etxebizitzetan, ordea, superbisio gutxiago egoten da. Batean egunero sei ordu inguruko ikuskapena egiten da eta bestean ia ez dago artatzerik. Hala ere, azken etxebizitza honetan astean bi orduz psikologo bat hurbiltzen da erabiltzaileei jarraipen bat egiteko. Eguneko zentroari dagokionez, astelehenetik ostiralera egiten den ekintza bat da, batez ere erabiltzaileen eguna egituratzen laguntzeko. Hortaz, beharren arabera egokituta dauden zerbitzuak ematen ditugu.
Argi dago pandemia ez dela inorrentzako erraza izan, nola bizitzen ari zarete egoera larri hau eta Covid-19 birusari aurre egin beharra? Pazientziarekin lan egiten ari garela esango nizuke. Buru aldetik prest. Lasaitasunarekin eta ardurarekin hartu behar dugun egoera bat baita. Gizaideko profesional zein boluntarioak, pandemia oso gertutik bizitzen ari dira. Erabiltzaile guztiei jarraipena egiten eta arlo sozial eskasa dutenei babesten saiatu gara gertutik. Egia da pandemiak gizartearen hainbat eremuren gabeziak areagotu dituela, baina Gizaide Fundazioak egoera zail honi aurre egiteko izugarrizko gaitasuna izaten ari dela esan beharra dut.
Nola jaso dute erabiltzaileek txertatzeko aukeraren albistea? Ez dakit itxaropentsu esango nukeen. Momentu honetan gizarte osoak nolabaiteko «desgaste» bat jasaten ari gara. Baina gogoa dutela esango nuke, azken batean denak betiko bizitzara bueltatu nahi dugu. Erabiltzaileak txertatzea noiz tokatuko zaien ikuskizun daude.
Erabiltzaieek txertatzeko aldez aurretiko jarrera dutela nabaritu al duzue, hau da, erabiltzaieak txertoa jasotzeko prest ikusten dituzue? Guk Foru Aldundiarekin akordio bat dugu eta bertan txertoa jasotzeko irizpideak daude. Momentu honetan, ez dakigu noiz txertatu beharko garen, izan ere, txertoa jartzeko prozesua kolektiboz-kolektibo egiten delako. Oraindik ez zaigu gure txanda iritsi. Dena dela, txertoa jaso behar dela hitz egin dugunean, orokorrean aldeko jarrera bat egon da. Hasiera batean, nolabaiteko mesfidantza zegoen. Albisteak aurrera joan diren heinean, informazioa eskatu eta hitz egin ondoren, erabiltzaileak gogotsu eta prest daudela esango nuke.
Nola aurkezten da 2021. urtea Gizaide Fundazioarentzako? Erantzun honen inguruan «cliché» moduko bat dagoela esango nuke, itxaropentsu egon behar dela esanten duena. Nik, ordea, gure onena emateko gogo eta borondate guztiarekin gaudela esango nuke. Pandemiak 2020an bat-batean harrapatu gintuen eta aurrera egiteko indarrak ez zeuden lekutik atera genituen. Orain, birusarekiko ezagutza gehiago dugu, beste fase edo errealitate batean gaude eta oso argi dugu errutinarekin ahalik eta gehien jarraitu behar dugula. Azken batean, horrek ematen du buruko oreka. Martxotik bizi izan ditugun esperientzia guztietan oso argi ikusi dugu errutina eta egiturak mantendu behar genituela. Ahal den heinean, birusak ez oztopatu gaitzala, hau da, ahalik eta gutxien baldintzatu gaitzala, bai lanari zein egunerokotasunari dagokionez. Egia da, hori ez dela erraza. Beste organismo batzuen antzera, protokoloak egin behar izan ditugu, ohitura batzuk aldatu… Honek guztion saiakera eta esfortzua eskatzen du, bai langile, boluntario zein erabiltzaileena. Guztiona. Nolabaiteko motibazioa eta aurrera egiteko benetako asmoa badago eta 2021. urteari aurre egingo diogula uste dut. Irrikitan gaude egoera honi amaiera bat emateko eta amets gaizto bat bakarrik izan dela gogoratzeko.