Eusko Jaurlaritzak gaur onartu ditu 2023ko aurrekontuaren diseinua gidatuko duten aurrekontu-gidalerroak, ekonomiaren susperraldia finkatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliagarriak izango direnak. Horrela, sektore publikoak inbertsioaren eta epe luzeko hazkundearen eragile izaten jarraituko du, pertsonei begira dagoen Euskadi ekologikoagoa eta digitalagoa eraikitzeko, betiere genero-ikuspegiaren zeharkako ardatzarekin.
2023ko aurrekontuek erantzungo diote osasun-pandemiak eragindako krisiaren berreskurapenean sakontzeko helburuari, baita Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioak arintzeko helburuari ere. Eusko Jaurlaritzak aurrekontu horiek planteatuko ditu trakzioko aurrekontu-politika arduratsuari eustearen ikuspegitik.
EUSKADI EKOLOGIKOAGOA
Eusko Jaurlaritzaren Klima Larrialdiko Deklarazioak klima-aldaketa jasotzen du gure bizimoduaren eraldaketa integrala ekarriko duten erronkarik premiazkoen eta konplexuenen artean. Euskal gizarteak urratsak egin ditu karbonoan neutroa den ekonomia baterako bidean eta bere gain hartu du klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko politiketan duen erantzukizun-kuota, betiere konpromiso sendo eta irmoarekin. Dimentsio anitzeko erronka da.
EUSKADI DIGITALAGOA
Euskadik digitalizazio-maila handia du, eta arlo horretan jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa egitea izango da erronka. Digitalizazioa balioa erantsiko iturria da Euskadiko sektore estrategikoetarako, eta ahalik eta gehien ustiatu beharko da. 2023ko aurrekontuek hiru dimentsio landuko dituzte:
-
- Funtsezko teknologien ezarpena bizkortzea, hala nola 5G konektagarritasuna, adimen artifiziala, konputazio kuantikoa, interoperabilitate publikoko/pribatuko zerbitzuak, eta hodeian eta zibersegurtasunean oinarritutako zerbitzuak.
-
- Teknologia digitalen hedapena errazten eta bizkortzen duten bitartekoak eta kanalak edo gaitasunak indartzea.
-
- Teknologiak funtsezko aplikazio-esparruetan aktibatzea eta bizkor txerta daitezen bultzatzea. Batez ere, zerbitzu publikoak kudeatzea eta herritarrengana hurbiltzea, eta enpresa-sarea digitalizatzea, bereziki enpresa txikiak eta ertainak.
EUSKADI PERTSONEI BEGIRA
Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa da gero eta bidezko, zuzen eta solidarioagoa den gizarterantz aurrera egitea da. Horretarako, barne-produktu gordinaz haratago begiratzen duen hazkundearen kontzeptuan oinarrituko da, aukera-berdintasuna eta kalitateko enplegua sustatuko du eta ezbeharren aurkako babesa ziurtatuko du.
Gaur onartutako aurrekontu-gidalerroetan jasotako alderdien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: hezkuntza inklusiboaren, bidezkoaren eta kalitatekoaren aldeko apustua; osasuna, betiere politika publiko guztietan osasun-ikuspegia integratzearen bidetik, oinarrizko arreta sustatzearen bidetik eta Osakidetzaren egiturazko plantilla indartzearen bidetik; enplegua, gizarteratzeko mekanismo nagusia den heinean; gizarte-babesa, desberdintasuna zuzentzeko politikak biltzen dituen heinean; eta berreskuratze demografikoko egoerarako aurrerabidea.
TRAKZIOKO AURREKONTU-POLITIKA ARDURATSUA
Inbertsio eta giza garapen jasangarriaren aldeko apustua sinesgarria izango da soilik, baldin eta Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-egonkortasunaren alde hartutako konpromiso sendoarekin lotuta badago. Azken ekitaldietan konpromiso hori argi islatu izan da defizita murrizteko egindako akordioetan; izatez, akordio horiei esker, baliabideak inbertsiora eta gizarte-politiketara bideratu ahal izan dira.
2023rako defizit- eta zor-helburuak oraindik adostu ez badira ere, aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-jasangarritasuna gorde beharreko balioak dira, batez ere kontuan hartuta finantza-jasangarritasunaren arauak berriro ere indarrean egongo direla etorkizun hurbilean.
Hazkunde ekonomikoko garaietan, Jaurlaritzak kontu publikoak osasuntsu mantentzen ahalegindu behar du. Helburua da bat-batean eta ezustean gertatzen diren —ikusten ari garen bezalaxe— krisialdietan gizarte-beharrei erantzun ahal izatea, baina digitalizazioaren eta trantsizio energetiko-klimatikoaren erronka handiari aurre egiteko Euskadik behar duen inbertsioaren aldeko apustuari uko egin gabe.
Ez da komeni ekonomiaren hazkundearekin lotzen diren eta egoeraren araberakoak diren diru-sarrera publikoen gehikuntzak eta zorpetze potentziala erabiltzea egiturazko gastu publiko korrontea handitzeko. Hausnarketa hori are agerikoagoa da, gaur egungo inflazio-presio garbiko unean, diru-sarrera publikoak ez baitira soilik ekonomiaren benetako hazkundeaz elikatzen, baita prezioen eta errenten hazkunde nominalaz ere.
Aurrekontu publikoaren kudeaketa arduratsuak urrezko arau argi bat ezartzen digu, gastu publiko korrontearen gehikuntzak lotuta egotea ekonomiaren hazkunde potentzialarekin eta/edo diru-sarrera publikoen egiturazko hazkundearekin.
Eusko Jaurlaritzak gastuaren arloko programak, politikak eta planak planifikatzeko eta ebaluatzeko sistemarako oinarriak finkatuko ditu, baliabideak egoki esleitzeko argudio objektiboak izan ditzan.
EGOERA EKONOMIKOA
COVID-19ak sortutako pandemiaren inpaktu handiaren ondoren, 2021. urtea eta 2022. urtearen hasiera munduko ekonomia suspertzeko garaia izan da. Ekonomien aurrerabideak jarraipena izan du aurtengo lehen hiletan, nahiz eta Errusiak Ukraina inbaditzeak agertokia aldatu duen.
Ziurgabetasun handiko testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia % 5,6 hazi zen 2021ean, eta dinamismo horri eutsi dio 2022ko lehen hiruhilekoan, % 5,7ko igoera zenbatetsi baita urte artekoan. Gainera, bigarren hiruhilekorako eskura dagoen koiuntura-informazioak ez digu pentsarazten hazkunde-erritmoa nabarmen moteltzen ari denik; hortaz, pentsa dezakegu emaitzazko tasa handia izango dela, egoera makroekonomikoan aurreikusten denarekin bat.
Jarduera ekonomikoaren bilakaera ona bereziki hauteman daiteke lan-merkatuan. 2022ko lehen hiruhilekoan langabezia-tasa % 9,1era murriztu da, aurreko urtekoa baino bi puntu txikiagoa.
Koiunturazko egoera horretatik abiatuta, eta testuinguruko hipotesiak kontuan izanik, agertoki makroekonomikoak pentsarazten digu euskal ekonomiaren hazkundea moteldu egingo dela 2021eko emaitza bikainaren aldean.
Oraingoz, taula makroekonomikoa honela dago:
2021 |
2022 |
2023 |
|
Barne Produktu Gordina |
5,6 |
4,5 |
4,1 |
Azken kontsumoa |
4,8 |
4,4 |
3,7 |
Etxeko kontsumoa |
5,3 |
4,8 |
4,0 |
Administrazio Publikoen kontsumoa |
3,0 |
3,2 |
2,6 |
Kapital Eraketa Gordina |
6,3 |
5,0 |
4,3 |
Barne-eskaria |
5,1 |
4,6 |
3,8 |
Kanpo-eskariko ekarpena |
0,2 |
-0,3 |
0,2 |
Barne Produktu Gordin nominala |
8,1 |
8,8 |
6,5 |
Barne Produktu Gordin deflaktorea |
2,3 |
4,2 |
2,3 |
Enplegua (lanpostuak) |
5,5 |
2,8 |
1,8 |
Landunak (biztanleriaren jardueraren arabera) |
1,6 |
1,8 |
0,8 |
Langabezia-tasa |
10,0 |
9,5 |
9,1 |
Agertoki hori ziurgabetasun handiko testuinguru batean egin da. Izan ere, 2022ko bigarren hiruhilekoko behin betiko datu makroekonomikoak eskutan izanik eta adierazle sozioekonomiko nagusiak eguneratu ostean, berrikusiko da agertoki makroekonomikoa, eta hori kontuan hartuko da aurrekontuak behin betiko egiterakoan.
Eusko Jaurlaritzak egokitzat jo du Errusiari ezarritako zigor ekonomikoen ondorioei denbora ematea —zigor ekonomiko horien artean daude petrolio gordinaren erosketarekin lotzen dena eta Europako eta estatuko erakundeek ezarritako neurriak—.Ziurtasun-maila handiagoko agertokia behar da aurrekontuak datu ziurragoekin egin daitezen. Berrikuspen hori 2022ko hirugarren hiruhilekoan egingo da.
AURREKONTU-TRAMITAZIOA
Hortik aurrera, hasiko da 2023ko aurrekontua prestatzen eta tramitatzen, urriaren 25eko Gobernu Kontseiluan onar dadin eta Eusko Legebiltzarrean urriaren 28an entrega dadin. Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak aurrekontu-gidalerroak ekainean helaraziko dizkie Eusko Legebiltzarreko talde politikoei.