LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren kariaz, Bilboko Udalak bere eraikin nagusia ostadar-banderaren koloreekin argiztatuko du

Ekainaren 28an ospatuko den LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren kariaz, Bilboko Udalak bere eraikin nagusia ostadar-banderaren koloreekin argiztatuko du, berriro ere, LGTBIQ+ kolektiboari ikusgaitasuna emateko eta eskubide-berdintasuna eta sexu-aniztasunarekiko errespetua aldarrikatzeko.

Udalak zenbait sentsibilizazio-ekintza sustatzen ditu urtero, ohikoaz bestelako sexu-joera dutenek —homosexualak, transexualak, bisexualak eta lesbianak, besteak beste— beren sexu-orientazioa arazorik gabe adierazi ahal izateko.

Nekane Alonso Berdintasuneko zinegotziak zera esan du, Bilboko kolektibo horren ikusgaitasunari buruz gizarteak duen jarreraren gainean: «ukaezina da urteetako borrokaren ostean, LGTBI kolektiboa ageriago dagoela orain. Gaur egun, gazteek, adinekoek, lesbianek, gayek, transexualek eta bisexualek aukera handiagoa dute diren moduan bizi ahal izateko; genero-eskemek zanpatzen jarraitzen dute, baina itolarria gero eta txikiagoa da».

Ikusgaitasun Lesbikoaren Nazioarteko Egunean (apirilak 26) eta Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren Nazioarteko Egunean (maiatzak 17) egin bezala, ekainaren 28rako kanpaina instituzionala aurkeztu dute, non, «GIZA ESKUBIDEAK DIRA» lelopean, gizartea sentsibilizatu nahi duten, gizabanako orok duen eskubide sozialen gainean: «azpimarratu nahi dugu sexu eskubideak ere giza eskubideak direla; bai batzuk bai besteak, unibertsalak direla; batek ez daukala lehentasunik bestearen gainean, eta eskubide horiek ez daudela ohituren edo kultura-iritzien menpe», argudiatu du Nekane Alonsok.

ALDARRIKAPENERAKO EGUNA, BILBON

Egun hauetan, Bilbao Bizkaia Harro ekitaldia hartuko du uriak, Ortzadar LGTB Elkarteak antolatua, Udalaren laguntzarekin. Aniztasun afektibo-sexuala eta genero-identitatea aldarrikatzeko kultura- eta jai-jardueren egitarau betea garatuko dute. Gaurtik hasita ekainaren 19ra arte (domeka), Zazpi Kaleak, Kale Nagusia eta Pio Baroja kaia (Ur Paradearen abiapuntua) izango dira jarduera-gune nagusiak.

«Harrotasunaren Nazioarteko Egunak aukera ematen digu sexu-aniztasuna eta mota guztietako diskriminazio lgtbfobikoen aurrean zero tolerantzia sustatzeko ekintzak bultzatzeko», adierazi du zinegotziak. «Abiarazten ditugun sentsibilizazio-ekintza horien xedea da Bilbon benetako berdintasuna lortzea, erabat normalizatua eta aurreiritzirik gabea, mundu guztiak aukera izan dezan bere idiosinkrasia eta afektuak askatasun osoz adierazteko. Izan ere, kolektibo horren lorpenak ospatzeko, eta, batez ere, nahi duguna izateko askatasuna aldarrikatzeko eguna da».

Bilboko Udalak norbanakoen eskubide eta askatasunen aldeko politika publikoak bultzatzen ditu, LGTBIQ+ pertsonen errealitatea ulertu eta onar dadin. Horretarako, gizarte-eragileei zuzendutako ekintza pedagogikoak eta sentsibilizazio-ekintzak egiten dira, urian dauden adierazpen afektibo-sexual guztiak ulertzea lortzeko. Gainera, «aintzat hartzen dira bertako LGTBIQ+ kolektiboak, elkarrekin gizarte bidezkoagoa, adeitsuagoa eta integratzaileagoa eraikitzeko», zehaztu du Nekane Alonsok.

Ekain guztietan bezala, Udalak Bilboko LGTBIQ+ komunitateari lagundu nahi dio data horretan, 1969ko Stonewalleko (New York) istiluak gomutatzen diren egunean, non LGTBIQ+ aldarrikapen-mugimenduak eta borroka hasi baitziren, identitatea eta sexualitatea duintasunez bizitzeko eskubidearen alde. Aldi berean, Udalak herritarrei dei egiten die, modu aktiboan parte har dezaten kanpainan, mobilizazioetan eta ekainaren 28rako antolatutako beste aldarrikapen-jardueretan.

Sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko apustua Udalarentzat estrategikoak diren bi proiekturen barruan sartzen da: Bilbao Balioen Hiria eta Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH). Horien bidez, balioak garapen-eragile dituen hiri bat eraikitzeko lan egiten da.

Sentsibilizazio-kanpaina berria formatu digitalean zabalduko da, www.bilbao.eus webgunean eta Udalaren sare sozialetako kontuetan:

► ERAIKIN NAGUSIAREN ARGIZTAPENA: EKAINAK 24-28.

SARE SOZIALAK: