Donostiako Musika Hamabostaldiak programa sinfoniko-koral handiak berreskuratu ditu

2022an Donostiako Musika Hamabostaldiak musika klasikoz eta dantzaz beteko du uda donostiarra. Oraingoan, mota guztietako 70 kontzertu eta emanaldik osatuko dute egitaraua.

Abuztuaren 2tik 27ra, Donostiako hainbat agertoki hartuko ditu, baina baita Gipuzkoako, Arabako, Iparraldeko eta Nafarroako zenbait herritakoak ere. Bi urteko trantsizioaren ostean sasoia berreskuratu ondoren, Hamabostaldiak bere ziklo espezializatuen eskaintza aurkeztuko du, Kursaal eta Victoria Eugeniako kontzertu handiekin batera.

83. Musika Hamabostaldian nabarmen ugarituko dira emanaldi sinfoniko-koralak, hain zuzen, jaialdiaren ikur bereizgarri direnak eta azken edizioetan murriztu behar izan direnak pandemiaren eraginez. Hitzordu hauei Kursaalen emango diren opera ikuskizunak gehituta, Donostiako auditorioan ospatuko diren hamar emanalditik bederatzik izango dute giza ahotsaren protagonismoa.

Formatu handiko ikuskizunekin batera, Musika Hamabostaldiaren egitaraua hainbat ziklo espezializatuk hezurmamitzen dute: organoa, antzinako musika, musika garaikidea, ganberako musika eta interprete gazteak. Hiriko hainbat gune hartuko dituzte eta hilabete osoan izango dute zaleek beren gustuko proposamenak entzuteko aukera, ziklo hauetako musika eskaintza zabal eta askotarikoaren barruan.

Informazio gehiago
informazio zehatza: www.musikahamabostaldia.eus

Sarreren salmenta orokorra

  • Ekainaren 20an hasiko da
  • 11:30ean
  • www.musikahamabostaldia.eus webgunean
  • eta Kursaal nahiz Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan
  • eskuratu daitezke sarrerak

2022/06/17-an argitaratua