Genetika forentsean egindako azken aurrerapenei esker, ekainean Mikel Kabikoitz Carrera Saroberi leporatu ahal izan zioten hilketa, Ertzaintzak 21 urtean behar bezala babestutako ADN lagin baten kointzidentzia batek positibo eman baitzuen
-
- Polizia-ikerketan egindako aurrerapen handi hori posible izan da aldian-aldian berrikusten direlako argitu gabe dauden ETAren atentatu guztiak, horien egileak argitu eta agintari judizialaren eskuetan jartzeko
-
- Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta ez da baztertzen atentatuan beste pertsona batzuk ere parte hartu izana
Ertzaintzak Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzioko Epaitegi Zentralari eman dio 2001eko azaroaren 23an ETAk Beasainen egindako atentatuaren ikerketan egindako aurrerapen aipagarrien berri. Egun hartan talde armatuak Francisco Javier Mijangos eta Ana Isabel Arostegi tirokatu zituen Senpere kalean trafikoa bideratzen ari zirenean. Genetika forentsean egindako azken aurrerapen zientifikoei esker ekainean leporatu ahal izan zaio Mikel Kabikoitz Carrera Saroberi (Frantzian ari da zigorra betetzen) atentatua.
Ikerketan aurrerapauso aipagarri hori eman ahal izan da Ertzaintzak 20 urtean baino gehiagoan behar bezala babestu dituelako krimenaren agertokiko frogak. Izan ere, Ertzaintzak lehentasunez aztertzen ditu aldian behin eta etenik gabe argitu gabe dauden ETAren atentatu guztiak, horien egileak agintari judizialaren eskuetan jarri ahal izateko.
Ertzaintzaren hipotesia da atentatuan beste pertsona batzuek ere parte hartu ahal izan zutela, eta, horregatik, ikerketa zabalik egongo da atentatua erabat argitu eta Ertzaintzako agenteen hilketan parte hartu zuten pertsona guztiak agintari judizialaren eskuetan jarri arte.
Aurrerapenak genetika forentsean
Atentatua egin eta bi egunera, 2001eko azaroaren 25ean, Ertzaintzak Beasainen bertan aurkitu zuen Mikel Kabikoitz Carrera Sarobek atentatua egiteko erabili zuen lapurtutako ibilgailua. Ertzaintzako Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak neutralizatu egin zuen ihes egin ondoren autoa eztandarazteko eta, era horretara, atentatuaren egilea identifikatzen lagunduko zuten frogak suntsitzeko jarritako tenporizadoredun lehergailu elektrikoa.
Ibilgailua begiz ikuskatu zuenean, Ertzaintzak ebidentzia ugari lortu zituen, horien artean arrasto lofoskopikoak eta ebidentzia genetikoak, eta aldian-aldian alderatu dituzte Ertzaintzaren datu-basearekin eta Estatuko eta Europako datu-baseekin. Aldi berean, urte hauetan Ertzaintzak, epailearen baimenarekin, espetxe askotan bildu ditu atentatua egin zenean aktibo zeuden ETAko kideen profil genetikoak.
Genetika forentsean egindako aurrerapenei esker, ekainaren 9an positibo eman zuten ikerketarekin lotuta behar bezala babestuta zeuden ebidentzia anonimoek, eta zoritxarreko atentatuaren egileetako bat behintzat ezagutu ahal izan zen. Zehazki, ihes egiteko erabilitako ibilgailuan zegoen goxoki-paper batetik lortutako profil genetiko anonimoetako bat, hain zuzen ere, bat dator Mikel Kabikoitz Carrera Saroberen profil genetikoarekin.
Bala-zorroak
Gainera, atentatuaren lekuan Arostegi eta Mijangos hiltzeko erabilitako armei dagozkien bala-zorroak ere aurkitu zituzten. Frantziako agintariekin elkarlanean, eta nazioarteko erregu-eskaerak tarteko, argi eta garbi identifikatu zituzten hilketan erabilitako armak, ETAren aurka Frantzian egindako operatibo batean atzeman baitzituzten. Ertzaintza Lyonera, Frantziako Polizia Zientifikoaren egoitzara, joan zen, eta bertan alderatu zituzten atentatuaren lekuan aurkitutako zorroak Frantziako datu-baseekin, eta emaitza positiboa izan zen.
15 agente hil zituen ETAk
ETAk Ertzaintzako 15 agente hil zituen, eta Euskal Poliziaren Museoan dagoen “Hemen Gaude” txokoan gogoratzen eta omentzen dira: Jorge Díez Elorza, Ramón Doral Trabadelo, Carlos Díaz Arcocha, Iñaki Totorika Vega, Luis Hortelano García, Mikel Uribe Aurkia, Alfonso Mentxaka Lejona, José María Aguirre Larraona, Juan José Pacheco Cano, Genaro García de Andoain Larrinaga, Javier Mijangos Martínez de Bujo, Ana Isabel Arostegui Legarreta, Joseba Goikoetxea Asla, José Luis González Villanueva eta Iñaki Mendiluze Etxeberria.