Legebiltzarrak Euskadiko Dokumentu-Kudeaketa Integralaren eta dokumentu-ondarearen legea onartu du kontrako botorik gabe

Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Legebiltzarrak kontrako botorik gabe onartu du gaurko osoko bilkuran “Euskadiko Dokumentu-Kudeaketa Integralaren eta dokumentu-ondarearen legeai” eta aukera eskainiko du aurrera egiteko, zerbitzu publikoen informazioaren kudeaketaren hobekuntzan, gardentasun-printzipioaren garapenean, dokumentu-ondarearen babesean eta herritarrek informaziora irispidea izateko duten eskubidearen aitorpenean eta erabileran.

Legebiltzarreko taldeei eskerrak eman ondoren, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu du lege honen azken onespena posible izan dela alderdi politikoen artean lortutako adostasunari esker, “eta horrek are balio handiagoa ematen dio onartutakoari”.

Gaur onartutako testuak erantzuna ematen dio gizarte digitalaren testuinguruan, dokumentuen kudeaketa integralari ezarri zaizkion erronkei, artxibo-antolaketa egokitua eta koherentea behar baitute. Trantsizio egoera bat bizi dute artxiboek bai arlo publikoan eta baita pribatuan ere, izan ere, nabarmen eta etengabe hazi da informazio elektronikoa. Sistema eta formatu desberdinetan sortzen eta biltegiratzen dira gaur egun dokumentuak eta nolabaiteko bizikidetza dago paperezko dokumentazioaren, sistema mistoen eta erabat elektronikoen artean.

Arau berri honek sei titulu, bi xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen ditu. Honako hauek arautuko ditu legeak:

    • Titulartasun publikoko dokumentuen kudeaketa integrala, tratamendua eta artxiboen bidezko antolaketa.
    • Euskadiko Dokumentu Ondarearen konfigurazioa, babesa eta zaintza.
    • Euskadiko Artxiboen Sistemaren egitura, antolaketa eta kudeaketa.
    • Euskadiko Dokumentu Ondarea osatzen duten artxibo pribatuen titularren eskubideak eta betebeharrak.
    • Euskadiko Artxiboen Sistema eta Euskadiko Dokumentu Ondarea osatzen duten artxibo-sistemetan zaindutako titulartasun publikoko dokumentuetara irispidea izateko eskubidea.
    • Zehapen-araubidea.

Euskadiko Dokumentu-Kudeaketa Integralaren eta dokumentu-ondarearen legeak”, behin Eusko Legebiltzarrak onartu eta indarrean sartzen denean, honako hauei aplikatuko zaiei: Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa; Lurralde historikoetako sektore publikoa; Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko erakundeak eta tokiko sektore publiko instituzionala; Eusko Legebiltzarra; Arartekoa; Herri Kontuen Euskal Epaitegia; Lurralde historikoetako Batzar Nagusiak; Euskal Herriko Unibertsitatea; Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzu publikoak ematen dituzten edo administrazio-ahalak egikaritzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko pribatuak; Euskadiko dokumentu-ondarea zaintzen duten artxibo pribatuen titular diren pertsona fisikoak eta juridikoak.

Titulartasun publiko dokumentuak

Legeak zehazten duenez, honako erakunde publiko eta pertsona fisiko edo juridikoen dokumentuak dira publikoak:

    • Eusko Legebiltzarrarenak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiarenak eta Arartekoarenak.
    • Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluarenak eta Administrazio Orokorrarenak.
    • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sektore publiko instituzionalarenak.
    • Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide publikoko korporazioenak, esleituta dituzten funtzio publikoei dagokienez.
    • Lurralde historikoetako Batzar Nagusienak eta Lurralde Historikoetako sektore publikoarenak, zeina Administrazio Orokorrak eta sektore publiko instituzionalak osatzen baitute.
    • Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateenak eta tokiko sektore publiko instituzionalarenak.
    • Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden unibertsitate publikoenak, eta haien mendeko zentro eta egiturenak.
    • Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten Estatuaren Administrazio Orokorrarenak eta haren sektore publiko instituzionalarenak.
    • Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten Justizia Administrazioko organoenak.
    • Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten notariotzenak eta erregistro publikoenak.
    • Europar Batasuneko erakundeen mendeko organismoenak eta nazioarteko beste edozein organismo publikorenak, batzuek zein besteek Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza badute.
    • Nortasun juridiko propioa duten entitateenak, baldin eta artikulu honetan aipatutako entitateek eta pertsona juridikoek sortuak badira, nagusiki haien partaidetza badute edo benetan haien kontrolpean badaude, administrazio-ahalak baliatuz edo funtzio publikoak egikarituz sortutako dokumentuei dagokienez.
    • Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten pertsona pribatu fisiko zein juridikoenak, zerbitzuak ematean sortutako dokumentuei dagokienez.
    • Organismo publikoen mendeko entitateenak eta aurreko kasuetan jasota ez dagoen beste edozein entitate publikorenak, administrazio-ahalak baliatuz edo funtzio publikoak egikarituz sortutako dokumentuei dagokienez.

Aipatutako erakunde bakoitzak aurrerantzean bere artxibo-sistema propioa izan beharko du eta denek osatuko dute Euskadiko Artxibo Sistema. Helburua lankidetzarako, koordinaziorako eta aholkularitzarako espazioa sortzea izango da. Horretarako kide eta disziplina anitzeko bi organo sortzen dira: batetik Euskadiko Artxiboen eta dokumentu Ondarearen Kontseilua eta bestetik Euskadiko Dokumentuak Balioesteko, Aukeratzeko eta Irispidean jartzeko batzordea. Lehenengo batzordearen zeregina aholkularitzakoa izango da. Bigarrenarena Euskadiko Artxiboen sistemari atxikitako entitanteek sortutako dokumentu-tipologia eta serie guztiak balioestea.

Euskadiko Dokumentu Ondarea

Gaur onartutako legeak Euskadiko Dokumentu Ondarea ere arautzen du. Bere barnean daude sortu zirenetik 50 urte baino gehiagoko antzinatasuna duten titulartasun publiko eta pribatuko dokumentu guztiak baita, Euskal Kultura Ondarearen EAEko erregistroan inskribatuta dauden dokumentu guztiak ere. Euskadiko Dokumentu Ondareak inbentario bat izango du ondarea bera osatzen duten dokumentuak eta dokumentu horiek gordetzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko artxiboak identifikatzen laguntzeko helburua izango du.

Arauak Euskadiko Artxibo Historikoaren izaera juridikoa indartu eta eguneratu ere egiten du eta berea izango da “Euskadiko Dokumentu Ondarea osatzen duten, edo osa dezaketen, eta bere zaintzapean dauden dokumentuak kudeatzea, kontserbatzea eta zabaltzea”.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko artxibo sistema

Eusko Jaurlaritzan administrazio publikoaren eskumena duen sailaren mende egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko artxibo sistema, Euskadiko Artxibo Historikoa izan ezik. Azken hau, Jaurlaritzan artxiboen eta dokumentu ondarearen eskumena duen sailari atxikita egongo da. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko administrazio unitate edo bulego bakoitzean kudeaketa artxibo bat egongo da. Horrez gain Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Artxibo Nagusia ere arautuko du lege berriak, EAEko sektore publikoak sortutako dokumentuen kudeaketa politikak eta zaintza gauzatuko dituena.

Toki-erakundeen artxibo-sistemak

Onartu den “Euskadiko Dokumentu-Kudeaketa Integralaren eta dokumentu-ondarearen legeak” toki-entitateen artxibo-sistemak ere arautzen ditu. Honen arabera, udalak eta gaineratiko toki erakundeak behartuta dauden beren artxibo-sistema propioa edukitzera era sistema horrek gaitasun nahikoa izan behar du lege honetan ezarritako funtzioak eta eginbeharrak betetzeko. Hala ere, udalek eta gainerako toki-erakundeek mankomunitateak osatu ahal izango dituzte beste udal erakunde batzuekin edo udalerria baino lurralde-eremu handiagoko entitate batzuekin legeak zehazten dituen baliabideak izateko.

Artxibo pribatuak

Artxibo pribatuak ere arautzen eta definitzen ditu gaur bidea egiten hasiko den legeak. Artxibo pribatutzat joko dira “beren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan egiten dituzten edo kokatuta dauden pertsona fisiko edo juridiko pribatuek beren eginkizun eta jardueretan sortutako dokumentuak eta dokumentu funtsak zaintzen dituztenak” eta beraz, honako dokumentu hauek biltzen dituztenak:

    • Euskal Autonomia Erkidegoko kultura- eta hezkuntza-fundazio eta -elkarteak.
    • Euskal Autonomia Erkidegoan helbidea duten antolakunde politiko, sindikal eta enpresarialak.
    • Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eliza-entitateak eta erlijio desberdinetako elkarte eta organoak.
    • Historian zehar, Euskal Autonomia Erkidegoan eragina izan duten familiak eta pertsonak.

Herritarren eskubideak eta betebeharrak

Lege berriak pertsona guztiei aitortuko die Euskadiko Artxiboen Sistema osotzen duten dokumentuetara zein Euskadiko Dokumentu Ondarea osatzen dutenetara irispidea, beti ere, indarrean dauden arauak errespetatuz eta dokumentuak kaltetu gabe. Arau-hausteak ematen diranean 50.000 eta 300.000 euro arteko isunak aurreikusten ditu legeak.