Bilboko alkateak Santutxuko Basarrate Landa bisitatu du

Bilboko Udalak Basarrate Landa eta inguruko kaleetan (Basarrate Landa, Juan de la Cosa, Iturriaga eta Antonio Eguiluz Sendagilea) ukitutako tarteak birmoldatzeko obrak amaitu ditu. Obra hauekin hiru helburu lortu nahi ziren: ingurunea modernizatzea, funtzionala izan dadila eta diseinu homogeneoa eskaintzea, Santutxu auzoko espazio horri osotasuna emateko.

Hartara, egoteko zona ahalik eta gehien handitu da. Horretarako, perimetroko horma eta parterreak kendu dira, espazio bakar eta irekia sortuz, oztoporik eta bereizketarik gabe.

Egonaldirako espazioa handitzeko asmo hori areagotuta, Basarrate Landa kalea oinezkoentzat jarri da 1 eta 3. zenbakien artean, eta Juan de la Cosa, Iturriaga eta Antonio Eguiluz Sendagilea bideak txikiagotu. Hiru kale horiek ezaugarri bereziak dituzte, bai kontu teknikoengatik, bai erabiltzen dituzten pertsona motengatik. Hala eta guztiz ere, proiektu honek diseinu koherentea eman die guztiei.

Obra hauek urrian hasi ziren eta 1.685.730 euroko aurrekontua (BEZ barne) izan dute. Zelan geratu diren ikusteko, Juan Mari Aburto alkatea, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzia, eta Udalbatzarreko beste kide batzuk Basarrate Landara etorri dira gaur goizean.

PLAZA

Plazak funtzionala izaten jarraituko du, eta erabilera guztiak orain dauden lekuetan mantenduko dira: egoteko zona, jolasen gunea, ekitaldietarako, azoketarako eta abarretarako erabiltzen den espazioa eta abar.

Zorua osorik berriztatu da eta ingurune osoan akaberako material berdinak erabili dira, osotasun-irudia indartuz. Zehazki, Basarrate Landaren azalera osoan, asfalto urtu leunduzko geruza uniforme bat zabaldu da. Material hori labainketen aurkakoa da, erraz garbitzen da, eta jarri eta berehala hasi daiteke erabiltzen.

Udalak orain dauden zuhaitzak kontserbatu ditu, eta Iturriaga kaleko zuhaitzen sustraiak haztearen arazoa konpondu du, espaloiak deformatzen ari baitziren. Hartara, parterre- eta banku-eremu bat sortu da, forma linealekin, plazako zuhaitzak isolatzeko eta espaloiaren gaineko eraginak saihesteko. Parterre hauetan, gainera, bankuak prestatu dira plazaren alboan, jendea elkartzeko zona berriak sortze aldera.

Modu berean, trazadura linealeko landare-parterreak jarri dira Basarrate Landa kalearen bidean, bidea behin betiko plazan txertatzeko. Haietan, zuhaitzak, soropila, zuhaixkak eta loreak landatu dira, eta landare usaintsuak ere bai, hala nola izpilikua, erromeroa, mendafina eta berbena limoiusaina; eta, Iturriaga kalearen alboan komun publiko bat ipini da.

Erdialdeko nahiz espaloietako maldak mantendu dira. Iparraldean, desnibel hori berdintzeko, hormigoizko harmaila batzuk jarri dira, anfiteatro baten itxurarekin, Juan de la Cosa kalerantz banku jarraitu bat osatzen dutenak.

Umeen jolasgunea oraingo lekuan gelditzen da, eta horma mugakidea handitu da, kanpoko perimetroan beste banku korritu bat egin ahal izateko moduan. Jolas berriak sartu dira eta, gainera, beste batzuk asfaltoan margotu dira, margo akrilikoekin.

Umeen jolasguneetatik parterreekin eta bankuekin bereizi dira elementu bioosasuntsuak. Orain daudenak berrerabili dira, garbitu eta margotu ondoren.

Gainera, hiri argiak eta altzariak berriztatu dira.

OBRAK INGURUKO KALEETAN

Basarrate Landaren proiektuaren barruan, Juan de la Cosa kaleari dagokion tartean, Bilboko Udalak bidea errei bakar batera murriztu du, aparkatzeko plazak sortzeko eta plazaren ondoan dagoen espaloia handitzeko moduan. Gainera, zuhaitzen artean, espaloian zeuden edukiontzi guztiak birkokatu dira.

Oinezkoen pasabidea Iturriaga kalera eraman da, eta txorkoak kendu dira eta parterre bat jarri da, bidea eta espaloia bereizten dituena. Haren ondoan, egoteko gune berriak sortu dira, plazan erabiliko den zoladura drainatzaile bera dutenak.

Antonio Eguiluz Sendagilearen kalean, euspen-horma mantendu da, eta zutabeak eta barandak kendu. Haien ordez, altzairu herdoilgaitzezko babes-barandak ipini dira, eskubandarik gabe. Gainera, hormaren egitura konpondu da pitzadurak edo narriadurak zeuden zonetan.

Proiektu honen barruan, beste fase bat izan da Unión Begoñesa Etxaldearen urbanizazioan argiztapen publikoa berriztatzea, eremuaren hegoaldean. Bertan, lehen zeuden argien ordez LED argiak jarri dira, eta argiztapenaren eta kableen kanalizazioa eguneratu da.

SARE SOZIALAK: