Ondarearen Aholku Batzordearen arautegia onartu da

Tokiko Gobernu Batzordeak Donostiako Ondarearen Aholku Batzordearen araudia onartu du.

Batzorde honi dagokio, besteak beste, Donostian eraikitako hiri ondarearei buruzko txostenak egitea eta Udalari aholkuak ematea, bai EHOBPBa (Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia) berrikusteko edo aldatzeko espedienteetan, eta baita Katalogoan elementu edo multzoak sartzeko edo handik kentzekoetan ere. Honetaz gain, eta hala behar denean, hiri ondareari lotuta garrantzitsutzat jotako beste espediente batzuetan ere parte hartu beharko du.

Jarduneko alkate Nekane Arzallusek adierazi duenez, “batzorde honen sorrerarekin Udalak ondareari buruzuko aholkularitza organo bat gaitzeko konpromisoa bete du. Batzordea ondarean adituak diren profesionalek osatuko dute. Hala, hiriaren ondare historiko, arkitektoniko, kultural eta urbanoarekin zerikusia duen guztiari buruzko kontraste eta eztabaida-foro antolatu gisa balioko du”.

“Beste gai batzuetan bezala, honetan ere diziplina anitzeko foro antolatu bat behar dela uste dugu. Gaian adituak diren profesionalek beren balorazio kualifikatua egingo dute, irizpideak ahalik eta objektiboen eta oinarrituenak izan daitezen”, gaineratu du.

Ondare Aholku Batzordea Donostiako Udalean hirigintza-arloko eskumena duen udal-arloari atxikitzen zaio, eta honako kide hauek osatzen dute: Batzordeburua -Hirigintzako zinegotzi ordezkaria edo hark eskuordetzen duen zinegotzia-; Hirigintza Sostengarriko zuzendaria edo Saileko Zerbitzu Teknikoen Burutzako funtzionario bat, zuzendariak eskuordetua; Hirigintza Sostengagarriko arkitekto bat, EHOBPBren arduraduna; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondareko teknikari bat; ondarean aditua den teknikari bat, Ondarea Defendatzeko Elkarteen artetik izendatua, eta ondarearen arloan adituak diren 4 profesional, batzordeburuak izendatuak. Haietako bi, Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako Ordezkaritzako Ondare Batzordeak proposatuko dituzke.

Ohiko bilkurak bi hilean behin egingo dira, betiere gai-zerrendan aztertu beharreko gairik balego. Halaber ezohiko bilkurak ere egin ahal izango dira.

Hondakinak biltzeko kamioiak

Tokiko Gobernu Batzordeak Irizar S.Coop enpresari esleitu dio Hiri-hondakin solidoak biltzeko bi kamioiz hornitzeko kontratua. Bi kamioi elektriko dira, eta Next Generation Funtsen finantzaketa izango dute. Kontratuaren esleipen prezioa 1.207.580 eurokoa da, eta kamioiak entregazeko epea 2023ko azaroaren 15a izango da.

Dirulaguntzak

Tokiko Gobernu Batzordeak segidako dirulaguntzak ematea onartu du:

  • 8.901 euro Memoria Historikoaren lotura duten hainbat elkartetako lau proiektu garatzeko.
  • 31.338 euro Giza Eskubideekin lotura duten hainbat elkartetako 19 proiektu garatzeko.
  • 82.000 euro Berdintasunarekin lotura duten hainbat elkartetako 35 proiektu garatzeko.

2022/06/29-an argitaratua