Tximino-baztanga kasu gehiago agertu dira Euskadin eta, dagoeneko, 19 kasu egiaztatu dira

Euskadik, guztira, tximino-baztangarengatiko –“monkeypox” izenez ere ezagutzen da– 19 infekzio-kasu egiaztatu identifikatu ditu. Hemezortzi gizonezko eta emakume bat dira, hamalau Bizkaikoak, hiru Gipuzkoakoak eta bi Arabakoak, eta guztiek izan dituzte sintoma arinak; etxean bakartzeko eskatu zaie eta jarraipen anbulatorioa egin die Osakidetzak.

Egiaztatutako kasu batek ere ez du prozesuari lotutako konplikaziorik izan, baina bat ospitaleratu behar izan da, bakartzea behar bezala betetzeko.

Detektatu ziren lehen kasuak Euskaditik kanpoko agerraldiekin zeukaten lotura, baina, aurreko kasuetan bezala, egiaztatu diren kasu berriek ez dute lotura epidemiologikorik Euskaditik kanpoko beste kasu batzuekin, eta aurreko kasuen kontaktuak dira edo aste honetan identifikatutako oraintsuko kasuak. Hori dela eta, Osasun Sailak dei egin nahi die herritarrei, infekzio hori prebenitzeko eta, sintoma bateragarririk izanez gero, etxean bakartzeko eta osasungintza-sistemarekin harremanetan jartzeko, transmisioa ekiditeko.

Tximino-baztangaren gaixotasuna oso ezohikoa da, eta, normalean, sukarra, mialgia, adenopatiak (gongoilen hantura) eta esku eta aurpegiko erupzioa eragiten ditu, barizelaren oso antzera. Joan den maiatzaren 15ean, Erresuma Batuak alerta jo zuen, 4 kasu egiaztatu detektatu baitziren; alerta gainerako osasun-sistemetara iritsi zen, Alerta eta Erantzun Goiztiarren Sistemari esker.

Alarma jo zenetik, Osasun Sailak eta Osakidetzak Euskadiko osasungintza-sistemako profesionalei “monkeypox”ekin bateragarriak diren sintomak dauzkaten pertsonak aurkituz gero zer urratsi jarraitu adierazi diete. Hori horrela, Euskadik jarraitzen du Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin (CCAES) koordinatuta lanean, beste kasu susmagarri batzuk aztertzeko, halakorik egonez gero.

Osasun Sailak nobedade esanguratsurik dagoenean haien berri emango du.