Andre Maria Zuriaren plaza abuztuaren 4an itxi egingo da berriz ere Gasteizko jaiei hasiera ematen dien Zeledonen Jaitsieran beirazko objekturik sar ez dadin.
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egun horietarako elkarrekin diseinatu duten eta gaur goizean udaletxean, Gorka Urtaran alkatea eta Rodrigo Gartzia Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordea buru direla, elkartu den Polizia Koordinaziorako Batzordean aurkeztu duten segurtasun-dispositiboko neurrietako bat da. Alkateaz eta sailburuordeaz gainera, bileran izan dira, Udalaren izenean, Marian Gutiérrez Herritarren Segurtasunaren zinegotzia, Susana Alfonso Herritarren Segurtasunaren zuzendaria eta Roberto García Tobalina Udaltzaingoaren komisarioa; eta Eusko Jaurlaritzaren izenean, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria eta Karmelo Martínez Sarobe Ertzaintzako Arabako lurralde-burua.
Pandemiaren ondorioz bi urtean falta izan ondoren, Zeledon berriz itzuliko da Andre Maria Zuriaren plazara datorren abuztuaren 4an, eta bertan izango diren milaka pertsonek ezingo dituzte plazan sartu, orain arte bezala, beirazko objektuak. Debeku hori 2017tik dago indarrean, hautsitako botilek eta ontziek egindako ebaki eta zauriak saihesteko.
Helburu horrekin, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak itxi egingo dute plaza, eta Hedegile, Zapatari, Errementari, Diputazio, Prado, Dato, Posta eta Olagibel kaleetan, San Frantzisko aldapan eta Loma Jeneralaren plazan jarriko diren 10 kontrolguneetatik bakarrik sartu ahal izango da bertara. Berez 2019an abian jarritako dispositibo bera da.
Neurri horrez gainera, bi polizia-kidegoek koordinatuta jardungo dute Arabako hiriburuko jaietan herritarren segurtasuna bermatzeko, eta kaleko lana eta, Ertzaintzaren droneen bidez, aireko lana ere areagotuko dituzte delituei, bereziki sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren, ondarearen eta pertsonen aurkako delituei aurrea hartzeko.
Sexu-askatasunaren aurkako delituak
Alde horretatik, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak bereziki jardungo dute sexu-askatasunaren aurkako delituei aurrea hartzen, eta leku jendetsuenak, parkeak –bai hirigune ingurukoak bai periferikoak– eta trenbide azpiko oinezkoen pasabideak zainduko dituzte. Dispositibo horrek zaintza areagotuko du etxera itzultzeko orduetan.
Bestalde, bi polizia-kidegoek aurten ere salaketak jartzeko bulegoa partekatuko dute Olagibel kalean (Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoa), eta irekita egongo da, etenik gabe, abuztuaren 04ko 07:30etik abuztuaren 10eko 21:30era arte. Pantikosa eraikineko bulego horietan herritarrek dagokien polizia-kidegoan jarri ahal izango dituzte salaketak, egoeraren eta koordinazio-protokoloan ezarritakoaren arabera.
Ekintza horiek eta beste batzuk koordinatzeko, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak komunikazio-kanal komun bat erabiliko dute eta bi kidegoetako arduradunek osatutako aginte-postu aurreratu bat izango dute.