Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Landa Garapenaren Legea onartu du, PNV, PSE, EH-BILDU eta Elkarrekin Podemos taldeen aldeko botoarekin, Grupo Popular Vasco-Ciudadanos taldearen abstentzioarekin eta Vox taldearen aurkako botoarekin. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egin du, foru-aldundien laguntzarekin, eta tartean dauden sektoreko agenteen ekarpenak jaso ditu.
Gaur lortutako adostasun zabala ezinbestekoa da legeak berekin dakarren erronka betetzeko, lurraldeko agente ekonomiko eta sozial ugarik lana eta konpromisoa erakutsi dute, bai eta erakundeek ere, dela udal eta kontzejuen mailan, bai lurralde-mailan, foru-aldundiekin.
Lege horrek gaur egun indarrean dagoena ordezkatuko du, 1998koa, eta landa»garapenerako estrategia berria ezartzen du. Hain zuzen, euskal landa-ingurunearen garapen jasangarria funtsezko faktoretzat hartzen du Euskadi osoaren ekonomia, gizarte eta lurraldearen garapen eta kohesiorako, eta aurrera egiten du EBk sustatzen duen Lurralde Kohesiorako Politikarekin bat datorren garapen-ikuspegirantz.
Hori horrela, lege berriak “rural proofing” edo landa-lente ikuspegia dauka eta euskal landa-eremuan izango duen eragina diseinatuko eta kontuan hartuko duten politikak egin nahi dira. Horretarako, aurreikusten da landa-eremuei eragingo dieten erakunde-plan, -programa eta -ekimenek, onartuak izan aurretik, Eusko Jaurlaritzako zein foru-aldundietako landa-garapeneko sail eskudunek horiei buruko txosten lotesleak egin beharko dituztela.
Halaber, gobernantza aurreratua ezarri nahi da, zeharka arituko dena landa»ingurunean, eta helburua da landa-garapenerako elkarteek gaur egun eskualde-mailan egiten duten lana indartzea. Landa-garapenerako elkarteek urte anitzeko lankidetza-hitzarmen bat sinatu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzarekin eta dagokion foru-aldundiarekin. Era berean, landa-garapenerako kudeaketa»zerbitzu berri bat sortzea aurreikusten da, HAZI Fundazioaren barruan: Lurralde.
Legeak Landa Garapenerako Sare berri bat sortzea ere aurreikusten du. Sare horretan, Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako, EUDELeko, ACOA-AKEko (Arabako Kontzeju Elkartea), kuadrilletako, Haziko (Lurralde), landa-garapeneko elkarteetako, tokiko ekintza-taldeetako eta, oro har, erreferentziazko lurralde- eta sektore-erakunde mota guztietako eta landa-garapenerako eskualdeko programen hedapenean parte hartzen duten agenteetako kargu instituzionalak eta teknikariak txertatuko dira.
Legearen xedea da euskal landa-ingurunea herrialdearen garapenean eta kohesio ekonomiko, sozial eta lurraldekoan funtsezko faktore gisa posizionatzea, lurraldearen gainerako eremuaren baldintza berdinetan sartzeko, berrikuntza, modernitate eta ekintzailetzari dagokienez, eta horrekin herrialdearen ikuspegi berria, integratuagoa lortzen laguntzeko. Hori guztia, alde batera utzi gabe nekazaritza-jarduerak Euskadiko lurraldearen eta ingurumenaren kudeaketan duen eginkizun estrategikoa, bai eta ekonomian eta elikagaien hornitzaile gisa duen eginkizuna ere.
Lege berri honek bilatzen du, beraz, landa-eremuen garapen iraunkorrak Euskadi bere osotasunean garatzen laguntzea, eremu horiek bizitzeko eta proiektuak hasteko leku erakargarriak izan daitezen, kohesioaren eta aukera»berdintasunaren ikuspegitik. Gaur-gaurkoz, kalkulatzen da Euskadiko biztanleriaren % 8 landa-eremuetan bizi dela. Ehuneko hori apur bat hazi da azken urteetan, eta berriki izandako pandemia-egoerak joera horri mesede egin dio.