EIT – Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuko (Europar Batasuneko erakundea) kide diren EIT Food-ek (egoitza Bilbon du Europa Hegoalderako), EIT Manufacturing-ek (egoitza Donostian du Europa Mendebalderako) eta EIT Urban Mobility-k (egoitza Bartzelonan du), bat egin dute Supernovas abian jartzeko. Programa berri horrek lau jarduera-ildo ditu, Europako ekintzailetza-esparruan genero-arraila murrizten laguntzeko, STEAM talentua ekosistemara erakartzeko, dagoeneko ekintzaile izan diren emakumeei laguntzeko eta emakume horiek elkarren artean konektatzeko.
“Gaur egun, emakumeek oso ordezkaritza txikia dute ekintzailetzaren eta arrisku-kapitalaren munduan”, EIT Food-ek, Europako elikagaien berrikuntzarako ekimen liderrak eta programan parte hartzen duen komunitateetako batek, ziurtatu duenez. “‘Deeptech’-eko startupen % 15 soilik daude emakumeek sortuak edo kofundatuak. Mota horretako startupak dira eragin handiko berrikuntza zientifiko edo teknologikoan oinarritutako konponbideak garatzen dituztenak. Gutxienez emakume fundatzaile bat duten startupek Europako arrisku-kapitalaren inbertsioaren % 5 inguru baino ez dute jasotzen, eta badirudi hori mahaiaren beste aldean emakume gutxi egotearekin lotuta dagoela: inbertsio-batzordeen % 85 gizonezkoak dira soilik”, gaineratu dute.
Supernovasek zifra horiei aurre egiteko tresna izan nahi du, merkatuan eskuragarri dauden berrikuntzei forma emango dieten emakume gehiagoko ekintzailetza-ekosistema sustatuz. Horretarako, helburu desberdinak dituzten lau ekimenetan banatzen da.
Lehenengoa, Startup Stairway, zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematikako (STEAM) diziplinetako graduatu berriak lan-merkatuan sartzea erraztera bideratuta dago. Horretarako, ‘high-tech’ edo ‘deep-tech’ arloetan jarduten duten startupak edo ‘scaleup’ak identifikatzen dira eta profil hori betetzen duten emakume gazteekin konektatzen ditu. Hori beka-pakete baten bidez gauzatuko da, onuradunen lehen edo bigarren lanari laguntzeko. Horien % 50, gutxienez, RIS eskualdeetatik edo herrialdeetatik datoz (berrikuntza-indize baxuak dituzten eskualdeak).
Bigarren lerroa, Rocket Up izenekoa, nazioartera zabaldu nahi duten emakumeek zuzendutako enpresa berritzaileak babestera zuzenduta dago. Tutoretza pertsonalizatuak eskainiko dira eta bazkide korporatibo liderrekin konektatuko dira, estrategia sendo batekin Europako merkatu berrietan hasteko gaitasuna izan dezaten.
Women2Invest prestakuntzaren ingurukoa da, STEAM unibertsitate-ikasketak dituzten emakumeek startupetan inbertitzeko oinarriak ikas ditzaten eta, gainera, ordaindutako praktikak eskaintzen dituzten inbertitzaileekin (arrisku-kapitala, arrisku korporatiboko kapitala edo arrisku korporatiboko unitateak) konekta ditzaten.
Azkenik, Mentoring for women leaders ekimenak harreman, tutoretza, prestakuntza eta gaikuntza-aukeren sare zabal bat eskaintzen die EIT komunitateko emakumeei, beren gerentzia- eta lidergo-trebetasunak hurrengo mailara eramateko. Hautatutako parte-hartzaileak mentore eta adituekin harremanetan jartzen dira, haien garapen-potentziala handitzeko.
Laugarren jarduera honek bere parte-hartzaileak hautatu dituen arren, StartupStairwat, Rocket Up eta Women2Invest deialdiak irekita daude gaur egun Europako herrialde guztietarako.
SPRI Taldeak euskal enpresentzako finantzaketa-tresnak ditu, haien susperraldia errazteko, balio erantsian zein merkatuetan egiten duten aurrerapen lehiakorra bultzatzeko, eta enpresa-proiektu berriei ekiteko. Bateratu, Gauzatu, Renove Industria 4.0 edo Renove Makineria bezalako finantzaketa programei buruzko informazioa kontsultatu.