Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketaren arloko agindu berri bat onartu du gaurko bileran. Honen bidez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten enpresa- zein sindikatu-elkarteei dirulaguntzak ematen zaizkie, bere jardun-eremuaren barruan lanbide-gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurari lotutako sustapen-jarduerak gara ditzaten, bai eta gaitasun horiek behar bezala betetzeko beharrezkoak diren koordinazio eta kudeaketa-lanak egin ditzaten ere. Deialdi honek 468.000 euroko zenbatekoa du.
Lanbide-gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurari esker, herritarrek lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartu dituzten konpetentzia profesionalak egiazta ditzakete, eta, beraz, kualifikazio maila hobetzeko eta prestakuntzarekin jarraitzeko bidea ematen zaie. Horrek guztiak pertsonen gaitasun profesionala eta enplegagarritasuna hobetzen laguntzen du, enpresen lehiakortasuna areagotzearekin batera, eta, beraz, kohesio soziala eta ekonomikoa indartzen laguntzen du.
Deialdi honen bidez diruz lagundu eta finantza daitezkeen gastuen artean honako hauek daude:
-
- Dibulgazio-jarduerak; Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan dagoen eskaintzan sartutako konpetentzia-atal guztietarako, lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura etengabe irekita dagoela jakinarazten duten dibulgazio-jarduerak.
-
- Sustapen jarduerak; gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko gailuaren erabilera sustatzera eta suspertzera bideratutako jarduerak, hau erabiltzen duten pertsonen kopuruan jauzi kuantitatiboa egiten laguntzeko.
-
- Gorago adierazitako ekintzak behar bezala gauzatzeko erakunde onuradunek egin behar dituzten koordinazio eta kudeaketa-lanak.
-
- Pertsonal-gastuak; erakunde onuradunek jarduera horiek garatzeko berariaz kontratatzen edo lan horiek esleitzen dizkieten langileen pertsonal-gastuak.
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak 2022ko ekitaldi ekonomikoan gauzatu beharko dira.
Deialdi honen bidez, Hezkuntza Sailak gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren erabilera bultzatu nahi du, erabiltzen duten pertsonen kopuruan jauzi kuantitatibo handia gerta dadin. Horrek eskatzen du Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-eragileek, lanbide-heziketan inplikatutako gizarte-sarearen zati gisa eta bere jardun-eremuaren barruan, ahalegin gehigarri handia egin behar izatea, prozeduran jasotako lanak eraginkortasunez garatzen laguntzeko.