Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, 2022-2023 ikasturtean eta itunpeko ikastetxeen eskola-eremuan, euskararen erabilera bultzatzeko asmoz dirulaguntzak ematen dituen Agindua. Deialdi honek 190.000 euroko zenbatekoa du.
Deialdi honen xede nagusia da ikasleen artean euskaraz hizkuntza-gaitasuna eta bat-bateko jariakortasunari bultzada ematea, eskola-giroan euskararen erabilera sustatzearekin batera. Beraz, honako hauek izan daitezke helburu hori hartuta deialdi honen bidez diruz lagundu ahal izango diren ekintza edo jarduerak:
-
- Ikastetxeetan hizkuntzaren ahozko erabilera egoera ez formaletan bultzatzeko jarduerak, eskola-giroa euskalduntzeko asmoz egiten diren saio-jardueren bitartez: eskola antzerkigintza, bertso-lanketa, kantagintza, irratigintza, bideogintza, podcastak, kontalaritza eta ikasleen ahozko adierazpena hobetzeko asmoz eskolara gonbidatuak ekartzea.
-
- Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin ikasgelaz kanpo eginiko jarduerak. Barne hartzen dira guraso, irakasle ez diren langile zein irakasleentzat antolaturiko jarduerak, horien helburua ikasleen erabilera areagotzea bada.
-
- Euskal giroan bizipena eskaintzeko asmoz antolatutako egonaldiak. Gutxienez 2 gaueko iraupena izan behar dute diruz lagunduak izateko. Hezkuntza Sailak kudeatzen dituen Euskal Girotze Barnetegietan egiten diren egonaldiak berariaz lagunduak direnez, ez dira diruz lagunduko deialdi honetan.
-
- Ikastetxeen arteko truke-irteerak, horien helburua euskal kultura, hizkuntza zein gizarte-giro desberdinen arteko ezagutza eta hurbilketa areagotzea bada.
Jarduera hauek 2022-2023 ikasturtean burutu beharko dira.