1980tik Usurbilen (Gipuzkoa) kokatuta dagoen Eman enpresak arte grafikoen arloan egiten du lan, zehazki goi-mailako kalitateko kartoizko packaging-ean, eta erreferente bat da farmazia, edari eta likore nahiz gourmet elikadura sektoreetarako estutxeen fabrikazioan. Ricardo Semper zuzendari nagusiak azaldu duenez, Eman konpainiak 67 langile ditu, eta iaz hiru milioi eurotik gorako inbertsioa egin zuen bere makina eta instalazioetan.
Nola definitu dezakegu packaging-a?
Packaging-a da artikulu bat inguratzen eta babesten duen eta produktuaren salmenta sustatzen laguntzen duen guztia.
Eta posible da sektore horretan berritzea?
Berritu daiteke eta berritu behar da, eta kontzienteki gainera, eta beharrezkoa da, batez ere, supermerkatuetako apaletan mutur-joka dabiltzan markentzat, lehia sekulakoa baita. Zentzu horretan, berrikuntza funtsezkoa da lehiakideengandik bereizteko eta balioa eskaintzeko, eta paper oso garrantzitsua jokatzen dugu hor.
Hortaz, zuek zarete produktu bikain bat biltzen duen begizta…
Ezin dugu ahaztu packaging-a dela saltzeko argudio indartsuenetako bat. Kontuan izan behar da bezeroek produktu bat edo bestea aukeratzen dutela askotan logikarik gabeko diseinuko xehetasunengatik, batez ere supermerkatuetako apaletan. Erosten dugunean askotan erosten dugu paketearen diseinuagatik, formagatik, koloreagatik, ukipenagatik…
Beti lan egin duzue Arte Grafikoen sektorean?
Funtsean, bai. Oro har, sektore horrek markatu gaitu 1980tik, eta esan dezakegu pixkanaka gure tokia bilatu dugula beste azpi-sektore batzuetan, hala nola packaging-arenean eta sustapenetan. Gure industriak ez du papera inprimatzen, baizik eta kartoia.
Zergatik egin duzue kartoizko packaging-aren aldeko apustua?
Produktu grafiko ia guztiak gastu bat direlako kontratatzen dituenarentzat. Halere, packaging-az ari garenean, gauza gara bezeroaren produktuan integratzeko eta bezeroaren erosketa-erabakietan biziki garrantzitsuak izateko. Gure bezeroentzat ez gara kontabilitateko gastu-kontzeptu huts bat, hori baino gehiago gara.
Zein da Eman enpresaren bezeroen profila?
Produktu bat babestu behar duen edonor, batez ere elikadura, farmazia, kosmetika, elektronika, automobilgintza, edari eta beste hainbat sektoretako bezeroak izaten dira. Hau da, produktu bat babestu edo sustatu nahi duen edonor izan liteke.
Esate baterako?
Katalogoa oso zabala da, baina izan litezke botikak, txokolateak, sarraila-kaxak, mekanismo elektrikoentzako kaxak, edariak, pastak, hestebeteak…
Eta kartoia gorantz doa lehengai gisa?
Bai, argi eta garbi. Zentzu horretan erabaki garrantzitsuak hartu dira, batez ere elikadura sektoreko multinazional handietan, zeintzuek alde batera utzi baitituzte petroliotik eratorritako produktuak (plastikoak) eta kartoia lehenetsi baitute, askoz jasangarriagoa eta birziklagarria delako…
Nahiz eta azkenaldiko inguruabarrak guztiz ezohikoak izan (krisi logistikoa, lehengai falta, nazioarteko gatazkak, pandemia…), lortu duzue goranzko hazkunde zikloari eustea. Zure ustez, zeintzuk izan dira arrakasta horren giltzarriak?
Beti jakin izan dugu sektoreak dibertsifikatzen. Batzuk hazi egiten dira eta beste batzuk ez, baina arriskua ongi dibertsifikatuta daukagu. Bestalde, egungo testuinguru sozialean, packaging-a gorantz doa arrazoi soziokulturalak tarteko, eta baita ere askoz jasangarriagoa den kartoia lehenesten ari garelako plastikoaren gainetik. Horrez gain, gure hazkundearen atzean badago beste arrazoi bat, alegia, Iberiar Penintsula eta Frantzia osora hedatzen den gure sare komertzial handia. Hori guztia oinarritzat harturik, enpresak hazkunde konstantea izan du duela hamarkada bat baino gehiagotik, eta hazkunde horretan bere baloreak defendatzen jarraitu du, hala nola konpromisoa (bezeroekiko eta langileekiko), kalitatea (horren erakusgarri dira lortutako ziurtagiriak) eta jasangarritasuna (prozesuetan berrituz eta bere jardueraren inpaktua murriztuz).
Kontuan izanik ia 70 profesionaleko plantilla duzuela, zein automatizazio-portzentaje duzue zuen prozesu industrialetan?
Oso industrializatuta eta digitalizatuta gaude, eta joera bide horretatik doa, batez ere digitalizazioari dagokionez.
Beraz, joera dago prozesuak gero eta gehiago automatizatu eta robotizatzeko ala pertsonak oraindik ere pisu garrantzitsua du zuen produkzioan?
Pertsonen papera erabakigarria da, edozein dela ere automatizazio eta digitalizazio gradua. Eman osatzen duen lantaldeari zor dizkiogu gure datuak eta bilakaera. Oso argi daukat hori.
Eta etorkizunari begira?
Esango nuke itxaropentsua dela. Beharrezko inbertsioak egiten jarraituko dugu (aurten % 20ko hazkundea aurreikusi dugu) eta pantilla sendotzen eta handitzen.