Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia Eusko Jaurlaritzaren izenean parte hartzen ari da Europako Eskualdeen Komitea egun hauetan Bruselan eginten ari den osoko bilkuran.
Oraingo honetan, Eusko Jaurlaritzak 4 zuzenketa aurkeztu dizkie bozkatuko diren 8 irizpenei eta 2 ebazpenei.
Europako Batzordearen 2023ko lan-programari buruzko ebazpen-proiektuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak eskatu du eskualdeko administrazioen berezko legegintza-eskumenak errespetatzeko eta nekazaritzako elikagaien balio-kate motzak gehiago azpimarratzeko.
Eraikinen errendimendu energetikoari buruzko irizpen-proiektuari dagokionez, Euskadik nabarmendu du tokiko eta eskualdeko erakundeek, estatu kideekin batera, zeregin garrantzitsua dutela eraikinetan zero emisioko araua bermatzeko.
Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren emaitza eta jarraipenari buruzko ebazpen-proiektuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako arduradunak Eskualdeen Komiteko kideekin izandako eztabaidan parte hartu du, eta Tratatuetan beharrezkoak diren erreformei helduko dien Konbentzio bat irekitzea eskatzen duten ahotsekin bat egin du. Trantsizio berdeak, digitalak eta soziosanitarioak sustatzeko eta etorkizuneko krisietarako prest egoteko, erakunde-esparru berritu bat eduki behar dugula ere aipatu du.
Halaber, gobernantza-eskema berri baten beharra nabarmendu du, gizarte zibilari eta gazteei protagonismo handiagoa emango diena eta eskualdeko eta tokiko eragileak erabat integratuko dituena, legegintza-eskumenak dituzten eskualdeak integrazio-prozesuaren subjektu erantzunkide gisa txertatuz.