Parte hartzeko aurrekontuetan inoiz egon den emaitzarik onena izan da, eta aurrekontu horien bidez herritarrek auzoetan egiteko 71 proiektu hautatu dira, guztira Barakaldoko udalak parte hartzeko prozesura bideratutako partida 600.000 eurotik 2,8 milioi eurora handitu zuen boto gehien lortzen zituzten proposamenak gauzatu ahal izateko Herritarrek gehien parte hartu duten auzoak hurrengoak izan dira: Kastrexana (% 25,33), Regato (% 25,08), Lutxana (% 7,63) eta Burtzeña (% 7,24).
Auzoko parte hartzeko aurrekontuek Barakaldoko Udalean errekor berria lortu dute: 2017an parte hartzeko aurrekontuak abiarazi zirenetik % 5eko parte hartzea egon da. Edizio honetan, lehen aldiz jarri da arreta auzoetan, eta herritarren babesik handiena izan du, izan ere, 4.175 boto erregistratu dira. Hau da, botoa ematera deitutako herritarren % 4,77k auzoa hobetzeko proiekturik gogokoenak aukeratuta eman du botoa. «Oso pozik gaude. Egia da lehenengo astetik nabaritzen zela barakaldarrak gero eta gehiago animatzen zirela botoa ematera. Eskerrak eman nahi dizkiegu bizilagunek egindako proposamenak aztertzen denbora eman duten eta parte hartu duten pertsona guztiei, horrela eraiki nahi baitugu Barakaldo, barakaldarren eskutik» adierazi du Amaia del Campo alkateak Gorka Zubiaurre Gobernu Irekiko, Berrikuntzako eta Turismoko zinegotziarekin batera.
Herritarren konfiantza
«Gogoratzen dut aurrekontuen karpekin kalera lehen aldiz irten ginenekoa, herritarrei beren proiektuak aurkezteko eskatu genien, Barakaldo eraikitzen jarraitzeko. Askok harrituta begiratzen ziguten, eta esaten ziguten ez zutela denborarik galduko horretan, azkenean, ez baitzen beraiek proposatzen zutena egingo. Hasierako konfiantza falta prozesuak aurrera egin ahala desagertu da, eta herritarren konfiantza areagotu dela ikusi ahal izan dugu parte hartzearen ehunekoak gora egin duenean. Urtero egin du gora ehunekoak, baina aurten nabarmenagoa izan da. Edizio honetan % 4,77ko partaidetza izan da, aurreko urteko % 3,57arekin alderatuta» adierazi du alkateak.
Bizilagunek 1.530 proposamen egin zituzten Barakaldoko auzoetan obra txikiak egiteko. Herritarren proposamenak Barakaldoko hamabi auzoetan banatutako 212 proiektutan bildu dira, eta horien artean, bozketa prozesu honetan parte hartu duten 4.175 pertsonek beren gogokoenak aukeratu dituzte. Boto gehienak aurrez aurre jaso dira, 2.238 boto. Online, aldiz, 1.937 boto jaso dira.
Erregistratutako 4.175 botoetatik, 3.883 baliozkoak izan dira eta 292 baliogabeak izan dira hainbat arrazoi direla eta: hirian erroldatuta ez egotea, erroldatuta ez dagoen auzoren batean parte hartu izana, edo partaidetza orri bakoitzean hiru proiektu baino gehiago adierazi izana.
Boto gehien izan dituzten auzoak
Boto gehien izan dituzten auzoak Kastrexana (% 25,33) eta Regato-Gorostiza (% 25,08) izan dira. Horietan, hurrenez hurren, botorik gehien lortu dituzten hiru eta sei proiektuak egingo dira. Lutxana (% 7,63) eta Burtzeña (% 7,24) hurrengoak izan dira zerrendan. Bertan, auzo bakoitzean botorik gehien jaso dituzten hiru proiektuak burutuko dira. Ondoren, Retuerto (% 5,62) eta Lasesarre-Desertu-Urban (% 4,96). Bi auzoetako bizilagunek boto gehien emandako lau eta zortzi proiektuak gauzatuko dira. San Bizente (% 4,87) eta Beurko-Bagatza (% 4,29) auzoetan zortzi eta bederatzi proiektu egingo dira, hurrenez hurren. Zuazo-Arteagabeitia (% 3,77) eta Llano (% 3,01) partaidetzarik altuena izan duten hurrengo auzoak izan dira, eta bertan, zortzi eta hiru proiektu gogokoenak egingo dira, hurrenez hurren. Zerrendako azkenak Gurutzeta-Cruces (% 2,98) eta Zentroa-Errontegi (% 2,84) izan dira. Bi auzo horietako bakoitzean zortzi proiektu egingo dira.