Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Sailak Atxuriko etxadi-patio bat berreskuratuko du

Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Sailak Atxuriko etxadi-patio bat berreskuratuko du natura- eta paisaia-irizpideak kontuan hartuta. Basobidea 11, 13 eta 19ko eta Zabalbide 28ko eraikinek osatutako etxadi-patioko espazio batean garatuko da proiektua, abandonatutako eremu batean berdegune berri bat diseinatu eta antolatuz eta hango degradazio-prozesuari buelta emanez. Espazio hori patioa osatzen duten lau jabeen erkidegoen eskura egongo da.

“Bizilagunekin akordio batera iritsi gara, bertan behera utzita egon den barruko patio bat berreskuratzeko eta espazio berde, erakargarri eta osasuntsu bat egiteko bertan, ongizatea bermatuko duena eta gozatzeko modukoa izango dena”, azaldu du Iván Calderónek, Hiri berroneratzearen Saileko zinegotziak.

Hiri Berroneratzearen Sailak, Surbisa berregokipenerako sozietatearen bidez, diruz lagunduko du jarduketa hau, barne-patio bat birgaitzea eta birnaturalizatzea eta ingurumena eraldatzea ahalbidetuko duena. 850 metro koadroko azalerakoa da, jarduketaren ondoren, berdegune berritua izango dena, hainbat erabilerarekin: berdegunea lorategiarekin, aisialdi-gunea eta ortu bat. Esku-hartze horren bidez, jabe pribatu batek baino gehiagok partekatzen zuten espazio urbano handi honek zekartzan arazoak konponduko dira; izan ere, ezinbestekoa zen espazioa eraldatzea, bestelako gatazkak saihestu nahi baziren, bertan behera utzita baitzegoen, eta apurka-apurka degradatzen ari baitzen.

Lankidetza publiko-pribatuaren ondoriozko jarduketa da, 23.000 euroko aurrekontua du, eta Udalak eta jabeen erkidegoek erdi bana ordainduko dute. Eta parte hartzeko, adostasuna lortzeko eta jabetzak ahalduntzeko prozesu konplexu bat izan da. Prozesu horretan Surbisaren zeregina ez ezik, inplikatutako bizilagunena ere funtsezkoa izan da. Proposamena egia bihurtu denez, sailak eredu gisa aurkeztu nahi du, naturalizazio-irizpideen arabera berroneratu behar diren hiri-espazioak dituzten beste eremu batzuentzat pizgarri izan dadin.

Surbisak bere esku-hartze eremuetan eskaintzen dituen zazpi laguntza ekonomikoetako baten barruko lehenengo dirulaguntza da honako hau; zehazki, jabetza pribatuko hiri-espazioak eraldatu eta berdeguneak berrerabiltzeari dagokiona. Dirulaguntza lerro hori uri osora zabalduko da 335.000 euroko aurrekontuarekin.

ZAZPI LAGUNTZA-LERRO

Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Sailak, Surbisaren bidez, uriko eraikitako ondarearen kontserbazioa eta berrikuntza sustatzen ditu, bizitegi-eraikinen eraberritzearen bidez. Horretarako, zinegotziaren bulegoak laguntza ekonomikoen araudi bat dauka; laguntza horiek Surbisa berregokipenerako sozietate publikoaren bidez kudeatzen dira eta hainbat irizpideren arabera ematen dira.

Uria birgaitzeko lerro horietako bat berroneratzeko eta berrerabiltzeko esku-hartzeetarako da, ingurumena birnaturalizatzea edo eraldatzea barne hartzen badute. Laguntza ekonomikoak dira, degradatuta edo erabiltzen ez diren eraikin eta hiri-espazio pribatuetan horrelako esku-hartzeak sustatzeko. Esku-hartze horien bidez, baliabide naturalak aprobetxatzen dira, klima-aldaketara egokituta, patioak eta estalkiak birnaturalizatuta, lorategiak jarriz, eta horrela espazio horiek berrerabiltzeko aukera ematen da.

“Surbisa Hiri Berroneratzearen Sailarekin elkarlanean aritu da abandonatuta edo erabili gabe dauden jabetza pribatuko hiri-espazioak eta higiezinak identifikatzeko, ikusteko ea espazio horietan ba ote dagoen ingurumena hobetzeko esku-hartzerik egiterik, eta horrela aukera izateko horiek berrerabiltzeko eta eraldatzeko, erabilera kolektiboa edo erabilera pribatua edo partikularra baino zabalagoa emateko», azaldu du Iván Calderón Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak.

2023ra arte indarrean egongo diren oinarri arautzaileetako gainerako laguntza-lerroen antzera, birgaitze-irizpide honekin etxebizitzen eta eraikinen hobekuntza eta erosotasuna lortu nahi dira, ohiko bizileku iraunkorra diren etxebizitza eta etxebizitza-eraikin pribatuak birgaitzea sustatuz.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak urian esku-hartze integrala gauzatzea sustatzen du; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dieten esku-hartzea. Horrek esan nahi du uria berroneratzeaz gain, beste gai batzuk ere landu behar direla, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, ekonomia suspertzea, gizarte-kohesioa, hezkuntza, kultura, enplegua eta abar.

Bestalde, Surbisa udal-sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak esku hartzen duen eremuaren barruan daude Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga eta Zazpilanda.

Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. Eta Surbisaren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta urira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.

SARE SOZIALAK: